Pirritx eta Porrotxen azken diskoa kalean da, Eskerrik asko!

Txintxarri 2007ko abe. 17a, 01:00

Familia mila kolore bildumaren ostean, Pirritx eta Porrotxek lan berri aurkeztu zuten abenduaren 1ean, Eskerrik asko! disko eta liburuxka. Proiektu honetan, ASPANOVAS elkartearekin elkarlanean jardun dira haurrek minbizia ezagutu eta gaixotasunaren eraginen berri izan dezaten. Honela, Mari Mototsen gaixotasunaren bizipena era naturalean eta itxaropentsuan aurkezten dute pailazoek.

Txintxarri
Minbiziaren gaia ardatz hartuta, 18 kanta eta beste hainbeste ipuintxo dituen Eskerrik asko! CDa aurkeztu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoek, abenduaren 1ean Donostiako Elkar Megadendan.
Bi pailazo bihurriekin batera Mari Motots, ASPANOVAS elkarteko ordezkariak, Donostiako Ospitaleko pediatra eta onkologoak, Ane 17 urteko elgoibartarra eta hainbat lagunek proiektuaren berri eman zuten.

CDa eta liburuxka
Eskerrik asko! CDa irailean eta urrian grabatu zen eta pailazoek hamaika musikari izan dituzte lagun, hala nola, Garikoitz Mendizabal txistularia, Tapia eta Leturia, Ken7 taldeko Eñaut edo Labrit.
Eta badaude hainbat bitxikeri, batetik Txan Magoa berak Artxila Murtxila aurkezpen kanta, bestetik, Kataluniako Lax'n'busto taldeko lagunek egindako Maite zaitut abestiaren bertsio rokeroa eta katalanez abestua jasotzen du CD honek eta, honetaz gain, lau abestiren letrak Joseba Sarrionandiak idatziak direla ere aipatu behar da.
Baina CDak sorpresa bat dakar, 28 orrialdeetako liburuxka. Bertan Mari Mototsi mototsa erori eta minbiziaren berri emateaz gain, gaixotasuna nola bizi duen azaltzen du.
Era honetan, Pirritx eta Porrotxek minbiziaren gaixotasuna taburik gabe, naturaltasunez, itxaropenez eta alaitasun handiz landu dute. Eta hau guztia ASPANOVAS elkartea, minbizia duten haurren senideen elkartea, Donostiako Ospitaleko profesional taldea eta Aneren elkarlanari esker lortu dute.

Mari Motots
Honetaz gain, pailazoek Mari Motots DVDa argitaratu berri dute. Mari Motots ikuskizunaz gain, karaokerako lau abesti, diskoko abestien partitura guztiak, hiru erreportai eta hiru bideoklip aurki daitezke bertan, hala nola, pailazoek 2007an Tindufeko kanpamenduetara egindako bisitaren kronika edo Korrika txikiko bideoklipa.•