Atzo, abenduaren 16an, Lasarte-Oriako Udal Musika eskolako Asier Eizagirre eta Goiatz Irazabal txistu ikasleek eguerdiko 12:15tan, Konstituzio plazan, Donostiako Udal txistulari bandaren kontzertuan parte hartu zuten.
Goizeko 9:00etan Alde Zaharreko kaletatik barrena Diana jo ostean, eguerdiko kontzertuan Josu Izagirreren ikasle gazteek, txistulari bandak lagunduta obra bana eskaini zituzten, Asier Eizagirrek Kandido Albisturrek konposatutako "Bi doinu koskor" eta Goiatz Irazabalek, berriz, egile ezezagunaren "Eibarko alborada". Eta kontzertuari amaiera emateko, bi txistulariek bandarekin batera, Jose Ignacio Ansorenak moldatutako "Amatxo, nahi duzunean" diana eta "Bautista Basterretxe" kanta herrikoia eta Ansorenaren beraren "Lander" obra ere jo zituzten.•