"Euskararen maitalea, amorantea izan zen Andoni Arozena"

idoia-garzes 2007ko abenduaren 17a

Mila bederatziehun eta hogeita hamargarren urtea. Euskal Esnalea aldizkariak bi milioi pezeta "eskaintzen" zituen bere irakurleen artean nahi zuenak iritzia eman zezan dirua euskararen alde banatzeko moduaz. Hara zer idatzi zuen irakurle batek: Lasarte'ko euskera-maitale zintzo Arozena'tar Andoni'k ona zer dion: ¿Bi milioi laurleko euskeraren alde? Begira nere iritziak diru ori zabalduko luken era: Radio-emisora bat antolatuaz bertako zuzendari euskeltzale jakintsu bat jarri. Jakiña da euskeraren alde bakarrik lan egiteko ez litzakela baimenik izango; egunero pixka bat egiñaz ordea denbora asko baño len sustrai sendo ta ugariak zabalduko lira. Aur-izparringi asteroko bat egiñaz Euskalerriko txikitxo guzien artean zabaldu. Erri guztietan euskera erakutsiko duen irakaslari bat edo gehiago izendatu. Erri guztietan bertako aur-eguna urtero egin, al-liteken saririk onenarekin. Erri guztietan antzoki-leku bat antolatuaz al-liteken maizena antzoki-jayak egin. Idazti-batzaldiak, gai guzietakoak eta sari onakin eratu. Kristau-ikasbide edo dotriña euskaera garbian egin eta zabaldu.

Nerea Navarrok idatzi duen moduan, gazterik piztu zitzaion Andoni Arozenari euskara defendatzeko grina.

Nolatan idatzi duzu Andoni Arozenaren biografia?
2006ko maiatza aldera Mikel Atxagak, Bidegileak bildumako zuzendariak, hots egin zidan hori proposatuz. Deiako kazetaria da bera eta TXINTXARRIn lan egin nuenean elkarrizketa egin nion. Andoni Arozenaren gaineko erreferentzia gutxi nuen eta pista gutxirekin hasi nintzen.

Zer dira Bidegileak?
Euskararen alde lan egin duten hainbat jenderen biografia bilduma da Bidegileak. Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordetzak kaleratzen du, eta Andonirekin 200. bidegilera iritsi da bilduma. Euskararen bidean aitzindari, erakusle, besteok jarraitu beharreko bidea zabaldu zutenen gaineko biografia bilduma da Bidegileak.

Nola egiten zaio aurre halako lan bati, Arozena hilda egonda, zein izan dira zure informazio iturriak?
Andoniren ilobak, Jesus Mari Egizabalek, izugarrizko laguntza eman dit. Lehenengo kontaktua berarekin egin nuen eta berak bideratu ninduen Andoniren semeengana, eta Josu eta Xabierren bitartez beste jende bat elkarrizketatu dut. Suertea izan dut, ze Andoniren bi semeak hemen bizi dira eta informazio iturri oso garrantzitsuak izan dira, eta Jesus Mari beste hainbeste.
Koldo Mitxelenan ere izan nintzen, bertan euskal erbesteari buruzko liburuetan Andonik egindako lanak jasoak daude, antzerkiak, artikuluak, olerkiak, ipuinak. Artean, Euskal Abertzaletasunaren Museoan ere izan nintzen.

Eta ze deskubritu zenuen, nor da Andoni Arozena?
Euskararen maitalea, amorantea izan da. Euskara izugarri maite zuen, eta bere hizkuntza defendatzeko, lantzeko eta bere alde borrokatzeko lan pila egin zuen bere bizitza guztian. Idazkera baliatu zuen hori egiteko. Olerkiak, ipuinak, baina batez ere iritzi artikuluak eta antzerkiak idatzi zituen.
Berarentzat antzerkia euskara etorkizunean sostengatzeko habe sendoena zen. Eta antzerki asko idatzi zuen, baita sariak irabazi ere. Euskararentzako bizi eta borrokatu zen. Bere seme Josuri esana zion: Euskara da gure armarik onena, ezin digute eskuetatik kendu. Eta azken batean, arma hori izan zuen beti esku artean. Eta nik hala ikusten dut, euskara asko maite zuen idazle gisa.

Andoni Arozena egun Ttakun Kultur Elkartea dagoen etxebizitza berean jaio izana ustekabe polita izan da, ezta?
Biografia idatzi ondoren izan genuen horren berri, Jesus Mariren peskizak… Andoni Ttakun dagoen etxebizitza berean jaio zen. Eta berri hori jakitean, Andoni nolakoa zen ezagutu ostean, hark euskararenganako zuen maitasun hori, niretzako kasualitaterik politena izan zen. Ehun urte geroago, bera jaio zen toki berean euskara lantzen, aberasten, normalizatzen dabilen elkartea egotea…

Konta iezaguzu nondik nora ibili zen?
Duela 100 urte jaio zen Artsuaga etxean. Marrazkilari ikasketak egin zituen, oso ondo marrazten zuen, eta diseinura bideratu zuen bere lana. Herriko EAJ alderdiaren sorreran lanean aritu zen. Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritzarako lan egin eta arrazoi politikoak zirela eta Venezuelara alde egin behar izan zuen 1940ean.
Ordurako 5 urte ezkondua zeramatzan, Lasarteko Joakina Gorostegi, Iñerekin. Bi seme zituzten Josu eta Mikel, Xabier Caracasen jaioko zen. Han hutsetik hasi behar izan zuten eta fabrika batean eman zituen bere urte guztiak lanean. Eta euskararen alde lan egiten jarraitu zuen, Argia aldizkaria itxita zegoen Euskal Herrian eta Jon Oñatibiarekin batera piztu zuten Caracasen Argia (14 zenbaki).
Caracaseko euskal etxea sortzen buru belarri aritu zen. Zeregin desberdinak izan zituen, eta garrantzitsuena euskarazko eskolak ematea, hasieran Martin Ugalderekin, gero bakarrik, bere metodo propioarekin gainera. Iritzi artikuluak ere idazten jarraitu zuen, A-Bi ezizenarekin, bere izen eta lehen abizenaren lehen hizkiak. Birritan etorri zen Lasarte-Oriara. Baina Venezuelan hil zen 1989an, 82 urte zituela.

Ezagutzeko moduko pertsona al zen?
Niretzako bai, dudarik gabe euskararen alde egin zuelako. Euskaldun fededuna zen, sabinista sutsua, garbizalea, euskara batuaren kontrakoa. "H" hizkia gorroto zuen, kedar-hizkia deitzen zion, euskara zikindu baino ez zuela egiten pentsatzen zuen.
Bere marrazkietan umorea eta ironia agertzen zen, Francoren, Hitler-en aurka. Artikulugile zorrotza zen, Xelataka titulupean idazten zituen iritziak. Iruditzen zait, pertsona zaila izango zela, zorrotza eta burugogorra, baina horrexegatik berezia eta ezagutzeko modukoa.

Herriko lehenengo bidegilea al dugu Andoni Arozena?
Ez, bilduma honek argitaratu ditu beste batzuk. Plazido Muxikaren gainekoa adibidez. Eta horrez gain Manuel Lekuonarena eta Mirentxu Urretarena. Herrikoak ez izan arren, harreman handia izan zuten Lasarte-Oriarekin.
Dena den, gure herrian jende asko dago euskararen alde lan egin duena, hiru pertsona hauek horien lagin gisa har ditzakegu. Baina ez dira bakarrak, askok egin dute bide bera, eta guztiei eskaini nahi diet lan hau.•