Udalak gazteentzako ikastaroak antolatu ditu

Txintxarri 2007ko abenduaren 17a

Gazteria eta Festetako sailak hiru hilabeteko iraupena izango duten tailerrak antolatu ditu. Lasarte-Oriako gazteek urtarrila eta martxoa bitarteko arratsaldetan, 19:00etatik 21:00etara, egin ahal izango dituzte ikastaroak.

Txintxarri
Eskola guztiak Kulturetxean burutuko dira eta astelehenetan, erreflexoterapia egiteko aukera egongo da. Adituek diotenez, milaka urteko diziplina honek gaixotasunak saihesteko edo erlaxatzeko balio du. Oinazpiko puntu ezberdinak gorputzeko organoekin konektatzen dira eta gaixotasunaren arabera bata edo bestean presioa egitean datza teknika honek. Honetaz gain, egun berean, emoziozko adimenaren gaia jorratuko da beste saio batean. Honetan, norberaren emozioen mapa garatu, hauek askatu eta indar bezala erabiltzen ikasteko aukera izango da.
Asteartetan komiki, zeinuen mintzaira eta batuka saioak izango dira. Lehenaren bitartez gazteak komikira hurbiltzen saiatuko dira. Arduradunak teknikak irakatsi eta norberaren irudimenari askatasuna emateko aukera emango dielarik. Zeinuen mintzairaren ikastaroko parte-hartzaileek gorrek oinarrizko komunikabide gisa erabiltzen duten hizkuntza ikasiko dute. Eta azkenik, batuka eskolak ere izango dira, bertan dantza eta gimnastika uztartzen dituen ariketa fisikoaz gozatu ahal izateko.
Asteazkenetarako bisuteria tailerra antolatu du Gazteria eta Festetako sailak. Ostegunean, aldiz, euskal mitologia eta historia ikastaroa izango da. Eskola hauen bidez euskal mitologiaren ulermenera hurbilduko dituzte ikasleak eta bereziki Euskal Herriko biztanleen jatorrian eta ehunka mila urteetan zehar izan duten eboluzioan sakonduko dute. Birziklatutako materialekin eskulturak egiteko edo perkusioa jotzen ikasteko aukera ere izango da ostegunetan.
Azkenik, ostiraletarako tarot ikastaroa antolatu da. Ezagutza esoterikoetan lehen pausoak emateko aukera paregabea, 78 kartaz osatuta dagoen igarpen sistema baten bitartez.
Parte hartzeko izen-ematea abenduaren 28ra arte irekia egongo da eta Manuel Lekuona kultur etxeko Gazteen Informaziorako Bulegora hurbiltzea besterik ez da. Lasarte-Orian erroldatutako gazteek 41,20 euroko matrikula ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 77,75. Tailerrak gutxiengo parte-hartzaile kopuru batek izena ematen badu aurrera eramango direla jakin arazten du sailak.•