Gabonetako kanpaina eta beherapenak

Txintxarri 2007ko abenduaren 17a

Euskara

Gabonak gainean dauzkagu, eta ohikoa denez, aurki agertuko dira han eta hemen beherapenak iragartzen dituzten lehengo kartelak.
Lasarte-Oriako Udalak aspaldi ekin zion euskararen erabileraren normalizaziorako lanari eta harrez geroztik ez du txanparik galdu. Fruta-dendak izan dira euskararen erabilera landu dituen azkeneko establezimenduak, baina aurretik beste batzuk ere izan dira, hala nola,harategiak, ile-apaindegiak edo arrandegiak.
Oraingo honetan, beherapenak direla eta, merkealdi eta eskaintza kartelak atera ditu, fosforeszenteak eta handiak, ondo ikusteko modukoak. Lehen/Orain txarteltxoak ere prestatu ditu, legeak agintzen duen bezalaxe, garaiko prezioak eta merkealdietako berriak ondo zehaztu ahal izateko. Hauek guztiak doanik banatuko dira.
Honela, Lasarte-Oriako Udalak beherapenak jartzen dituzten establezimenduei deia egin nahi die, erabiltzen dituzten kartelak euskaraz ere jar ditzaten. Eta horretarako, Euskarako Zerbitzutik hurbiltzera gonbidatzen ditu merkatariak, han behar duten materialaz hornituko baitituzte. Bestela, 943 376184 telefonora deituta ere egin dezakete eskaria.
Ez ahaztu, euskararekin zeu irabazle.•