Arratsaldeko lau t´erdiak jo dute. Ikastetxearen atearen jiran hamaika neska-mutil koxkor dago. Bata bestearen gainean pilatzen hasi dira. Ikastolatik irteteko segundo batzuk besterik falta ez direnean, ate gardenetik zehar begira jartzen dira haurtxoak, bere aita edo amaren arrastoaren bila. 5-6 metrotara gurasoak gaude. Gure haurtxoa non egongo ote den begira. Ikusitakoan, eskua altxa eta agur bat bidaltzen diogu "hemen nago! etorri naiz!" adierazi nahian. Heldu da ordua. Irakasleak atea ireki eta San Ferminetako zezenak moduan irteten dira haurrak bere ama edo aitaren bila. Haurra badator, zuzen, eskuan zerbait dakark, marrazki bat. Eta ama edo aita sutsuki besarkatu ondoren, ikastolan egin duen azken marrazkia erakusten dio. Aita eta amaren etxea marraztu omen dute oraingoan, "Ze polita maitia" esaten diogu egindako lana saritu nahian. Haurra pozik da. Bokadiloa hartu eta bere lagunekin batera doa arrapaladan parkera.
Halaxe egiten zuen Olatzek ere orain gutxira arte. Malen ikastolako ate gardenetik begira. Olatz 5-6 metrotara eskuak mugitzen "hemen naiz! Etorri naiz" adierazten. San Ferminetako zezenen pare irteten zen Malen Olatzen bila ikastolan egindako azken lana eskuan zuelarik. Olatzek "ze polita maitia" esaten zion eta bokadiloa hartu ondoren, gure beste seme-alabekin batera joaten zen Malen, pozik, parkean jolastera. Baina gaur, leihotik begiratu arren, ez du ama ikusi. Ama urrun joan dela esan diote Maleni. Eta denbora batez ez omen du leihotik bere ama ikusiko, ez eta marrazkirik erakutsi ahal izango ere. Malen triste dago. Malenek badaki zergatik dagoen triste. Amaren beharra du. Baina ez daki zergatik ez dagoen ama berarekin. Ez du hori ulertzeko adinik. Guk ere ez dugu gaur Olatz ikusi. Eta gu ere triste gaude. Baina guk badakigu zergatik ez dagoen Olatz gurekin. Baina guk ere, Malenen gisara, ez dugu ulertzen nahiz eta adinez dezente zaharragoak izan. Badakigu larunbatean atxilotua eraman zutela Madrilera. Olatz ama da, Malenen ama, eta gure laguna eta guraso elkarteko kidea, eta parkeko tertulietako parte, eta baita beste hamaika gauza ere. Jaso ezazu Zubietako ikastetxeko Guraso, irakasle eta haur guztien partez hemendik ilargirainoko muxu erraldoi bat. Eta zu lasai, "Hemen naiz, Etorri naiz" esan arte, zure ondoan, Malenen ondoan, Xabierren ondoan... egongo gara eta. Animuak Euskal Herriko txoko honetatik.
Zubietako eskola txikiko
guraso eta irakasleok