Txorimalo gazte asanbladak VI. Multimusikala ospatuko du aurtengoan. Sei urtez elkarte honek gure herrian hainbat lanetan dihardu, eta aurtengoan ere iritsi da hainbeste desio genuen eguna.
Jaialdi hau orain dela sei urte hasi zen, Txorimalo gazte asanbladaren lehenengo urteurrena ospatzeko. Eta handik aurrera, asanbladaren urteurren gisa antolatzen den jaialdia da. Bere lehenengo urteetatik arrakasta izan du eta urtez urte, pixkanaka- pixkanaka herriko gazteen gogo eta ahaleginekin aurrera atera den jaialdia da. Hazten doa. Herriko gazteentzako jai egun bat antolatzeko helburuaz gain, jendeari musika estilo ezberdinak erakusteko eta entzunarazteko aukera bat da. Bakoitzak gustuko duen edo gehien entzuten duen musika estiloetatik haratago joateko. Horrez gain, estilo ezberdinetako hasiberriei leku bat egiteko sortua izan da.
Horretarako herriko hainbat tabernak hartzen dute parte jaialdi honetan. Jaialdiaren hasiera hasieratik herriko hainbat tabernetan musika estilo ezberdinetako taldeak jo izan dute. Taberna bakoitzean musika estilo ezberdin bat ezartzen da eta horrela, tabernak bisitatuz, musika anitz eta guztiz ezberdina iritsi ahal zaigu belarrietara. Hiru edo laugarren jaialdian 10 taberna izatera iritsi zen jaialdia eta aurtengoan ere 7 tabernek hartuko dute parte. Sustrain heavy musika estiloa, Ilargin reaggea, Xirimirin hardcorea, Artizarren bakarlari ezberdinak, Obelixen punk-rocka, Jalgin fankya eta Udaberrin hip-hopa entzungo direlarik.
Baina ez da soilik gazteentzako jaia izango, haurrek ere parte hartu ahal izango baitute festan. Iaz bezala, aurten ere goizean 12etan haur jolasak, musika, tailerrak… izango dira, bertan nahi duen orok parte har dezakeelarik. Musikaz gain ere, beste hainbat ekitaldi izango ditugu: pintxo dastaketa, hitzaldiak… Baita kale animazioa herrian zehar eta bideo emanaldia ere. Beraz, aurtengoa aukera anitzeko jaialdia izango dugu, gustu guztiak asebeteta uzteko adinakoa.
Multimusikalak bilakaera oso positiboa izan du eta beste urte batez ere festa polit honetaz gozatu ahal izango dugu. Lehen esan bezala, pixkanaka-pixkanaka sustraiak hazten doazkio zuhaitz honi eta kimu berriak jaiotzen doaz. Horrenbestez, aukera ezin hobea daukagu musika talde eta bakarlari berriak entzun, hauetaz ikasi eta beste hainbat ekitalditan parte hartu ahal izateko. Lasarten hainbat urtetan egin den jaialdiaz goza dezagun, Txorimalo gazte asanbladako kideek eta beste hainbat herritarrek egin duten lana benetan eskertzekoa da. Sei urte hauetan izan duen bilakaera positiboa kontuan hartuta, hurrengo urteetan ere multimusikalak, kultura alorrean gure herrian garrantzitsua den jaiak hobetzen eta aurrera pausoak egiten jarrai dezala.