huts

Txintxarri 2007ko abenduaren 21a

Ohitura jarraituz, aurten ere badator Multimusikala Lasartera, baina aurtengoan berezia izango da, gazte asanbladaren urteurrena delako. Jaialdia herriko 7 taberna desberdinetan antolatu da, bertan Djak, kontzertuak, etab. egongo direlarik. Kale animazioak, haurrentzako jolasek eta hitzaldiek egun honetan beraien txokoa ere izango dute, herri osoak jaiaz goza dezan.
Abenduaren 29a jada hemen dagoenez, dagoeneko dena prest dago. Egun guztian zehar egongo da jai-giroa Lasarten eta ondo pasatzeko aukera anitz edukiko dituzue.

Jaialdia Okendo plazan hasiko da goizeko hamabietan haurrentzako tailer, musika, jolas eta ekintza ugarirekin. Bitartean pintxo dastaketa egongo da, ordu batean Abiadura Handiko Trenari buruzko hitzaldiarekin goizari amaiera emanez.

Arratsaldean herriko kaleetan zehar THE TXORTAINS eta KTG BATUKADAREN musikaz gozatu ahalko dugu, Andatza plazan Break Dance erakustaldia egongo da eta lauretan bideo emanaldia.

Kaleak girotu ondoren tabernen txanda iritsiko da, Artizar, Jalgi, Obelix, Xiri, Ilargi, Sustrai eta Uda Berri. Artizarren zazpietan hasiko dira kontzertuak, bertan Karratua borobila da, Poesia eta Grado Cosmetikok joko dutelarik; gauean Aritz Sound Systemek girotuko du taberna. Obelixen Ramones, Birracel eta Manu DJ izango dituzue arratsaldeko seietatik aurrera. Acido C, Makulu ken eta Grassmann show (cool music night) bederatzietan hasiko dira Jalgin herriko primizia batekin, Makulu ken taldearen lehenengo kontzertua. Xirimiri tabernan Hell Division, Geriatric Youth, Diskoiraä, Cold Revenge eta Aggressive Combat taldeen kontzertuak seietan hasiko dira, gauean Laket taldearen berbena izango bertan delarik. Ilargi tabernan zazpietan hasiko dira Korunba, Mix6t eta Xikinkeien kontzertuak, gaua Revolutionary Brothersen esku egongo delarik. Iron Batasuna, Sententzia eta Aurka taldeek seietan hasiko dute jaia Sustraien eta azkenik 131 Crew, Tuestate de tranks eta Raperos de Emausek zazpietan ekingo diote Uda Berrin.

Ekitaldi ugari egongo dira herrian zehar inor asper ez dadin, goizeko hamabietan hasita gorputzak irauten duen arte luzatuko den jaian. Aldez aurretik plana ondo antolatu beharko duzue, honelako kontzertu eta jarduerekin nora joan erabakitzea zaila baita. Mundu guztia dago jai honetara gonbidaturik, ez dago parrandarako adinik eta denok dugu Abenduaren 29a ondo pasatzeko aukera paregabea. Gainera gazteok badugu zer ospatu, Lasarte-Oriako gazte asanbladaren urteurrena. Eta badakizue sei dauden tokian, zazpi ere badaude; aurtengoan giroan murgildu ezkero hurrengo urtean ziur errepikatuko duzula.