“Udaletxeak merkataritza teknikari bat jarri beharko luke herrian”

karmele-garmendia 2007ko abenduaren 21a

1993an sortu zen Aterpea, Lasarte-Oriako Merkataritza Elkartea. Irabazi asmorik gabeko elkarte honek herriko merkataritza sustatzea eta hobetzea du helburu. Horrez gain, merkatarien batasunaren alde lan egiten, merkatarien prestakuntza egokia bultzatzen eta herriaren garapenean parte hartzen saiatzen da Aterpea. Izan ere, "Merkataritza bizirik gabe, ez dago herri bizirik", horixe da euren lema. Herria bizirik mantentze horretan, kanpaina mordoa egin dituzte eta baita herrira bideratutako hainbat ekintza ere. Herriko edozein merkatari egin daiteke bazkide eta, noski, nahi izanez gero, baita izateari utzi ere. Baina Aterpeakoek argi dute elkarte moduan, bakarka baino indar gehiago lortzen dela. Gainera, Aterpeak Dendarteanen babespean egiten du lan, hau da, Gipuzkoako merkataritza elkarteak biltzen dituen plataformaren barnean. Instituzio publikoekin harremanetan jartzeko bidea errazten du, bai baitakite merkataritza aldetik herrian dagoen geldialdia hausteko norberaren borondateaz gain, instituzioen laguntza beharrezkoa dela. Laguntza hori lortuz gero, zulotik irtetea posible dela uste dute Aterpean, lortu ezean, gorriak ikusiko dituztela aurreikusten dute.

Zenbat bazkidek osatzen duzue Aterpea? Kopurua igo ala jaitsi egin da sortu zenetik?
Egun, 40 merkatari inguru gaude elkartean. Sortu zenean ez dakit ziur zenbat ginen, baina dudarik gabe askoz ere gehiago. Alde batetik, hasiera hartan, ostalaritzakoak ere bazkide ziren, baina Donostian dagoen ostalaritza-elkarte indartsu batean sartzea erabaki zuten. Bestetik, askok denda itxi egin behar izan dute negozioa gaizki zihoalako edota erretiroa hartu, eta horiek ere elkartea utzi dute. Beraz, kopurua asko murriztu da.

Merkatari berriak ere badira herrian. Zer gertatzen da horiekin?
Batzuk bazkide egin dira, baina normalean berriak ez dira Aterpean sartzen. Negozio mota horiek orain artekoen oso bestelakoak dira, bidaia agentziak eta seguru agentziak dira nagusi. Oraindik ez dute lehiakortasun zuzenik merkataritza handiekin.

Aterpea Urbil merkatal gunearen mehatxuari aurre egiteko sortu zen?
Ez, Urbil beranduago heldu zen. Instituzio publikoek bultzatuta sortu zen Aterpea. Euren esanetan, herriko merkatariek merkatuaren berri izateko eta euren lehiakortasuna bultzatzeko, baliagarriak ziren halako elkarteak. Aterpea beste hainbat herrietako elkarterekin batera sortu zen.

Zerk eragin du herriko merkataritzaren beherakada?
Hiru faktore garrantzitsuren eraginez dago gure merkataritza hain ahul. Argi dago Urbil eragile nagusia dela eta hura sortu zenetik datorrela gainbehera, baina trenak ere izugarrizko eragina izan du. Egun, Donostiara joateko ez dago inongo zailtasunik eta kapitalak asko erakartzen du jendea. Azken faktorea, herritarron bizi-maila da. Biztanle aldetik antzeko herriekin konparatuta, Tolosarekin esaterako, hemengo maila askoz ere baxuagoa da.

Aterpearekin herriko merkataritzaren egoera hobetzea lortu da ala sinbolikoa da?
Hori baloratzea oso zaila da. Aterpea izango ez bagenu nola egongo ginatekeen jakitea oso zaila da. Ez dakit salmentetan eragin duen, baina argi dago, udaletxearekin eta instituzio publikoekin harremanetan egoteko bitartekari garrantzitsua dela. Gu kontutan hartzea zaila da bakarka jarduten badugu. Gainera, merkatarion arteko harremanak bultzatzeko ere oso tresna ona da.

Ze finantziazio bide du Aterpea Elkarteak?
Bi modutara finantziatzen gara. Alde batetik, merkatariok kuotak ordaintzen ditugu hilabetero, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen dizkigu elkarte guztiei bezala. Diru laguntza horiek egiten ditugun kanpainetan eta herriko ekintza sozialetan gastatutakoaren proportzionalak izaten dira.

Ze asmorekin hartzen duzue parte ekintza horietan?
Herriko parte gara eta guk ere lagundu nahi dugu herri hau bizirik mantentzen. Publizitate moduan izango balitz, argi dugu, ez litzatekeela batere eragingarria izango. Herria bizirik mantentzea, bai ordea. Herria bizirik dagoen bitartean, gu ere bai.

Zein da udaletxearen jarrera? Laguntzarik ematen al du?
Gaur egun laguntzeko prest daudela dirudi, baina oraindik ez ditugu beharrezko oinarriak zehaztu. Hirigintza planean, esaterako, azken aldian kontutan hartu gaituzte. Planen jakinaren gainean jartzen gaituzte eta gure iritzia ere eskatu izan digute. Hala ere, beste herrietan bezala, Udaletxeak merkataritza teknikari bat jarri beharko lukeela uste dugu. Hemengo egoera aztertu behar da eta konponbide zehatzak eman merkatari bakoitzari. Horrez gain, diru laguntzak eman beharko lirateke. Ez dut esaten dirua oparitu behar digutenik, baina bai kreditu merkeak eskaini eta bestelako erraztasunak.

Planen jakinaren gainean zaudetela esan duzu. Zeintzuk dira plan horiek?
Udaletxeak merkataritza aldetik gune bat suspertzeko asmoa du elizaren atzeko aldean. Dakigunez, aparkamentuak eta merkataritza galeria batzuk egingo dituzte. Ideia egokia den ala ez ikusteke dago, baina gutxienez herrian merkataritza bultzatzen saiatzen direla dirudi.

Instituzioek herriko merkataritza bultzatzeko ahalegina egiten dutela dirudi, baina bitartean, Urbil bezalako guneak jartzea errazten dute...
Sistemaren funtzionamendua da. Batzuen onurarako ari direnean, beste batzuen kalterako izaten da, eta alderantziz. Orain, esaterako, 2000 metro karratuko Eroski bat jartzeko asmoa airean dago. Urbil gertu izatea aski ez eta herrian bertan jarri nahi digute. Legediren bat betetzen ez zuela eta, proiektua geldiaraztea lortu zuen Dendarteanek, baina aldaketa txikiren bat egin eta aurrera aterako den errezeloa dut.

Hirigintzari begira ze arazo ikusten dituzu?
Aparkaleku faltan gaude herrian eta guk txandakako aparkalekuak jartzea aldarrikatu dugu urtetan. Azkenean anbulatoriaren inguruan gisa horretakoak jartzekotan direla jakin dugu. Gutxi bada ere, zerbait bada. Hala ere, badaude soluzio errazagoak. Esaterako, aparkalekua non dagoen adierazten duten seinaleak jartzea. Hipodromoan sekulako aparkaleku pila dago eta kanpotik datorrenari ez zaio bururatzen haraino joatea. Bestalde, kaleko zirkulazio dentsitatea ez da batere erakargarria. Kaleak oinezkoentzat egokitu behar dira.

Merkatal gune handien arrakasta prezioan al dago?
Prezioen aldea ez da hainbesterainokoa. Zenbait produktutan eskaintza bereziren bat egiten dute noizbehinka, baina orokorrean ez dago alderik. Merkatalguneek jendea erakartzeko izugarrizko boterea dute, baina ez zerbitzu hobea eskaintzen dutelako.

Ba al dago herriko merkataritza bultzatzen duen eroslearen profilik?
Zehaztu gabe dago, baina nabari da adinekoek herriko merkataritzarekiko lotura gehiago dutela. Ohituragatik eta bertakotasun sentimendua dutelako izaten da. Gainera, tratuko gertutasuna eta konfiantza gustuko dute. Izan ere, hipermerkatuak, merkatal guneak eta halakoak berandu heldu zaizkie. Gazteek berriz, horiekin jaio dira eta erosketak egiteko bakarrik ez, aisialdirako ere hartzen dituzte. Herrian, esaterako, lehen Okendo plazan egoten ziren guztiak. Orain aldiz, Urbilen.

Zer esango zenieke gazte horiei?
Gertutasuna aintzat hartzeko, oso garrantzitsua dela. Eta ez ahazteko, merkataritzak herria egiten duela. Herria bizirik mantendu nahi badugu, bertako merkataritza bultzatu behar dugu. Norberaren herriaren aldeko ekintza da. Jendez gainezka dauden merkatal guneetako pasilloek herriko plaza ordezkatu nahi dute, baina sekula ez dira plaza izango. Espazio fisikoa ordezkatzen dute, baina besterik ez. Gainera, horrek kontsumista izatera bultzatzen du bat, herriko plazak aldiz, dibertigarria eta lagunak egiteko bidea errazten du.