Herritik gabonei begira

Txintxarri 2007ko abenduaren 21a

Iaz, herrian bizi diren atzerritarrei galdegin genien gabonen inguruan. Aurten, berriz, bertakoak ditugu protagonista. Atzerritarren ohituren artean pentsatzekoa zen ezberdintasunak egotea. Bertakoen artean, ordea, alde handia ote dago etxe batetik bestera?

1.- Non eta nola igaroko dituzu gabonak?

2.- Gabonak tradizioa, sinismena, publizitatea... zer dira zuretzako?

3.- Asko gastatzen duzu?

4.- Herrian jartzen diren argiekin gehiegi gastatzen dela uste duzu?

Maria Jesus Etxeberria
1. Familiarekin igaroko ditut. Seme-alabekin, zehazki.
2. Egia esan ez zaizkit inoiz gustatu eta ez diet zentzu handiegirik hartzen. Aurtengoak gainera benetan tristeak izango dira guretzat, nire senarraren hutsunea izugarri nabarituko dugu.
3. Esan bezala, gabonek ez didate ilusio berezirik sorrarazten eta ez dut gehiegi gastatzen.
4. Bai, dudarik gabe. Badaude herrian diruz lagundu beharreko beste behar batzuk eta horiei ez diete jaramonik egiten. Ni esaterako, ez naiz hilabete bukaerara heltzen daukadan pentsioarekin eta udaletxetik ez dut laguntzarik jasotzen. Bertakoon pobrezia ez dute ikusi nahi.

Haritz Bergara
1. Lehen urte zaharretan ateratzen ginen, baina orain haurrak ditugunez, bertan geratzen gara. Gurasoekin ospatuko ditugu etxean.
2. Guk ez ditugu erlijioarekin lotzen, ez gara fededunak. Haurren ilusioarekin zerikusi asko du olentzero dela eta ez dela. Helduok, berriz, parranda egiteko aprobetxatzen dugu, besterik gabe.
3. Ez dugu diru askorik, eta ezin! Beste urteko edozein hilabetetan bezala gastatzen dugu. Umeentzako opari batzuk erosiko ditugu, baina gehiegirik ez.
4. Sistema kontsumista honetan dena da gehiegikeria. Alkatetza honekin, gainera, ez dago zereginik. Aldatzen ez dugun bitartean...

Nerea Ayala
1. Urtero bezala familiarekin ospatuko ditut gabonak. Gabon gaua senarraren senideekin eta urte zaharra nireekin.
2. Ni sinisduna naiz eta erlijioarekin lotuta daude nire kasuan. Nik zentzu hori hartzen diet, baina egun, ohituragatik ospatzen direla uste dut.
3. Beti saiatzen naiz ez gehiegi gastatzen, baina azkenean amarruan erortzen naiz. Janariari dagokionez, behintzat, gurasoenean jaten dugu eta libratu egiten naiz. Haiek, ordea, izugarri gastatzen dute!
4. Egia da asko gastatzen dela, baina hori aparte utzita, herriak modernizazio pixka bat eskertuko lukeela iruditzen zait.

Xanti Artola
1. Gaur egun gazte asko irteten da kanpora, baina nik ez dut inoiz halakorik egin eta aurten ere etxean igaroko ditut.
2. Tradizioagatik ospatzen ditugu guk. Hainbeste urte berdina egiten eta jarraitu egin behar.
3. Gastatzen ote dugu ba! Oparitan zerbait, baina bereziki janarian xahutzen ditugu sos guztiak. Sabela betetzea da aurrenekoa, gero gerokoak!
4. Urtean egun batzuk besterik ez dira eta ez dut gaizki ikusten. Diru hori beste zerbaitetan erabiltzea egokiagoa litzatekeela? bai, baina beste hainbat gauzekin bezala! Azken finean, halaxe egiten da eta gustatzen zait kalea argiztatuta egotea.

Ixiar Arteaga
1. Gabonen hasiera hemen pasako dut, baina urte zaharretan elurretara edo mendira egingo dut ospa.
2. Gertuko pertsonekin biltzeko helburuarekin ospatzen ditut eta gabonek dakarten gainerako gehiegikeria horietan ez erortzen saiatzen naiz.
3. Opariak erosterakoan beharren araberako aukeraketa egiten dugu. Bidaltzen diguten mezua "erosi, erosi, erosi" izaten da eta horri aurre egin behar diogu.
4. Ez dira hainbeste argi behar, ez dakit zer adierazi nahi den. Hala ere, beste kontu batek gehiago ernegarazten nau. Ez dut ulertzen zergatik jarri behar diren bizarzuriren irudiak. Hainbeste urte olentzero bultzatzen eta orain hori?