Erregeak hemen dira

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 4a

Urtarrilak 5a, egun berezia izango da haurrentzat, Errege gaua. Horregatik hainbat ekitaldi burutuko dira egunean zehar. Goizean, 11:30etatik 13:00etara, begirale taldea egongo da Okendo plazan berandu dabiltzan haurrei Erregeentzako eskutitza idazten laguntzeko. Eta eguraldi txarra eginez gero, San Pedro parrokiako arkupeetan egongo dira.

Erregeen Kabalgata
Arratsaldean, aldiz, Erregeak Lasarte-Oriara iritsiko dira. Kabalgata Andoain bidetik etorriko da eta 17:15etan Txitxardin Beltza jatetxearen parera iristea espero da. Hemen aldaketa egingo da eta Erregeek Lasarte-Oriako kaleak zeharkatuko dituzte.
Aldaketak egongo dira ibilbidean, herri erdialdean, batez ere. Beraz, gozokirik gabe gera ez zaitezte, argi ikasi ibilbidea hau: Zirkuitu Ibilbidetik barrena Oztarango errotondara, bertan Kale Nagusia hartu eta Geltoki kalera, hau da, Okendo plazara. Hemendik Hipodromo etorbidea hartu Torre etxeko errotondarantz eta Donostia Ibilbidetik Atsobakar zaharren egoitzara.
Ibilbidean ohizkoan diren hiru geldialdiak egingo dituzte Erregeek. Lehenengoa Brigidatarren komentuan izango da. Zaldia utzi eta Erregeak oinez komentura sartuko dira, Jesus haurra agurtu ondoren, Ama Brigidatarrei bisita egingo diete. Ondoren Okendon geratuko dira. Antolatzaileek jakin arazi digutenez, Erregeekin asko eztabaidatu ostean, 45 minutuko geldialdia izango da, hartara haurren agurra eta eskutitzak lasai jasotzeko astia izango dute ekialdeko lagunek. Eta Lasarte-Oria utzi eta Donostia aldera joan baino lehen, Atsobakarreko zaharren egoitzan opariak banatuko dituzte.