Txintxarri
Ostadar Kirol Fundazioak aurtengo denboraldian 25.urteurrena ospatzen ari da eta kirol emaitza bikainekin ekin dio aurtengoari. Izan ere, Ostadar osatzen duten zortzi futbol taldeek talde hoberenetan sartzea lortu dute.
Emaitza hauek lantaldeko lanaren ondorioa direla diote Ostadarreko futbol arduradunek: "Beti saiatu gara gauzak ondo egiten, nahiz eta lan hau beti emaitzetan ez den isladatzen. Hala eta guztiz ere, Ostadarreko helburu nagusia ez da emaitza onak jasotzea, baizik eta Lasarte-Oriako haur eta gazteei kirol heziketa bat eskaintzea eta futbolean trebatzea”, honen harira, “Baina, aurtengo denboraldian orain arte egindako lanak fruituak ematen ari da eta gainera emaitza bikainak lortzen ari gara".
Ostadarreko arduradunek nesken taldetan egiten ari den lana azpimarratu nahi dute, nesken futbolean urrats asko eman baitira elkartetik duela hamabost urte geroztik. Juanma Iturriondo nesken futbola sustatzeko lanean hasi zen, baina, denbora honetan zaila izan da neska talde bakar bat ateratzea eta hau mantentzea. Azkeneko urteetan nesken F8ko taldearekin jokalari kopurua gehitzeaz gain nesken futbola herrian jarraipen bat izan dezan lortu da. “Zoriondu behar ditugu kedete nesken taldea. Aurtengo denboraldian F8ko talde hau F11 izatera pasa da, hau da, futbol zelai erdian jokatzetik futbol zelai osoan jokatzera pasa dira eta egoera berriari ondo moldatzeaz gain, emaitza onak lortzen ari dira”.
Ostadarreko mutilen jubenil eta erregional taldeak atzetik datozen jokalarientzako talde erreferenteak direla azaldu digute Ostadarreko arduradunek. "Ikuspuntu honetatik, garrantzi handia du galdutako mailak berreskuratzea eta badirudi lortzen ari garen emaitzekin aurtengoan jubenil taldeak ohorezko mailara eta erregional lehen mailara igotzeko aukera handiak dituztela".
Zortzi futbol talde mantentzea ez da erraza eta horregatik Ostadarrekoek entrenatzaileen lana baloratzea ezin bestekoa dela diote: "Talde guztiak aurrera ateratzeko 16 entrenatzaile eta laguntzaile behar dira. Kontutan izan behar da hauek guztiak astero bitan edo hirutan eta urtean 10 hilabeteetan zehar lana egiten dutela, gutxi gora behera, Lasarte-Oriako 160 jokalariekin. Ezin bestekoa da hauen lana".
Txikienekin lanean
Ostadarreko arduradunek adierazi dutenez, oso garrantzitsua da oinarrizko futbol teldeekin egiten ari den lana, hauek etorkizunari begira goiko taldeak mantenduko dutenak izango baitira. "Ostadarrekoek dugun helburu nagusietariko bat hauxe da, herriko jokalariak herrian bertan jokatzen jarraitu dezatela, alegia. Horregatik, Erreala, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Federazioak oinarrizko futbola antolatzeko irizpideak jasotzen dituen hitzarmena sinatu genuen iaz".
Bukatzeko, Ostadarreko kideek lasarteoriatar guztiei, Michelingo futbol zelaira gerturatu daitezen gonbidapena luzatzen die, herriko futbol taldeentzako garrantzitsua baita herritarren eta zaleen berotasuna eta laguntasuna gertutik sentitzea. •