Urtarrilean, garbi-garbi eta arin-arin jatea komenigarria da

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 4a

Ttakun Kultur Elkarteak sukaldaritza arina ikastaroa prestatu du, gabonetako gehiegikeriei aurre egiteko ideia batzuk eskuratzeko. Horretarako, Xabier Tello sukaldari usurbildarraren laguntza izango du. Ikastaroa lau saioetan bereizten da eta izen emateko epea ostegunean amaitzen da.

Txintxarri
Alferrik da, ohituretako animaliak gara. Duela hilabeteko pentsamendua: "Ahalik eta xinpleen pasa gabon jaiak". Hilabete pasa, eta ondorioa: "Urtero egiten duguna egin dugu aurten ere".
Gehiegikeri ugari. Diru gehiegi xahutu oso beharrezkoak ez ziren oparietan. (Telebistako kutrekeriak gainetik salto eginda pasako ditut). Gorputzari egurra eman baina ez hain zuzen ariketa askorekin. Janari eta edari gehiegi sartuta baizik. Horiek denak eho arazten nahiko lan izan dute gure urdail eta hestek gajoek. Eta orain egun latz hauek pasa eta gero... hemen dator mamu beltz handia, izenez: "Damua". Baina beti bezala, berandu - Inda geo!-.
Lehenaz gain, hilabete osoan hor edukiko dugu publizitate makinaria astuna jo ta jo. Beherapenak, merkealdiak, eskaintzak eta abar luze bat. Gazta janean. Eman eta eman!
Telebista, irrati eta egunkarietako albistegiak berriz, urtarrileko maldari buruzko datuak eskaintzen. Eta hori gutxi balitz, ken itzazu gabonetan hartutako 2,3,4 kiloak! Hau da mixeria hau! Oparotasunak ekartzen dizkigun gaitzak badira ere guztiak.
Bai, lagunak bai, ez dago besterik, urte berri, asmo berri! , nahiz eta urterokoa izan.

Sukaldaritza ikastaroa
Zerbait egin behar dugu betekada sentsazio hau gorputzetik kentzeko. Gure gorpuz gizajoari eman diezaiogun bake pixka bat. Gure errotarentzat "oporralditxo" bat, eta bitartean ikas dezagun, ongi, txukun, polit, arin eta merkeago jaten. Oraingoan, sukaldera goaz: "Sukaldaritza arina" jarri diote izena urtarrilean zehar Ttakunek egin nahi duen ikastaroari. Aukeratu duten sukaldaria: Xabier Tello. Ikastaroa urtarrilaren 15ean,22an, 29an, eta otsailaren 5ean, arratsaldeko 19:30etan Xirimiri Elkarteko sukaldean izango da. Ikastaroaren zenbatekoa, 25 euro pertsonako. Ikastarorako izena Ttakuneko bulegoan, edo 943-371448 telefonoan eman daiteke, urtarrilaren 10a baino lehen. Sukaldaritza arina, garbia eta merkea egiten ikasi nahi duenak lehen bait lehen eman dezala izena, gehienez 12 pertsonentzako lekua izango baita.
Antolatzaileek adierazi dutenez, bertan egindako menuak bertan dastatuko dute parte hartzaileek. “Ea 2008. urteko gabon ostean ez dugun harri koskor hau sabelean, zerbait ikasi dugunaren seinale izango da”.