Olentzerok herriko umeen eskutitzak jaso zituen Okendo plazan

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 4a

Amaraungo pailazoek, Amalurreko trikitilariek eta umeek ongi etorria egin zioten Olentzerori

Txintxarri

Urtero legez, Olentzero menditik herrira jaitsi zen abenduaren 24ean, herriko haurren eskutitzak jasotzeko. Aurten ere, Olentzerok jakin bazekien ume asko bilduko zela plazan eta eskutitz pilo bat igo beharko zituela etxerako bueltan, menditik gora, horregatik Xixukorekin agertu zen plazan. Gabon aurreko egunetan, Olentzerok lanak aurreratzeko Xixuko herriko ikastetxeetara bidali zuen umeen gustuko dituzten jostailuak ezagutzeko. Polo, Lolo eta Ezti lagundu zuten Xixuko, hauek hobeto ezagutzen baitituzte herriko ikastetxeak. Herriko ikasleek ederki pasa zuten Xixuko eta Amaraum ludotekako pailazoekin.

Esperoko arratsaldea
Gabon eguna oso berezia izaten da, batez ere, etxeko txikienentzako. Goizetik baserritarrez jantzi eta kalera ateratzen dira kantuz kantu aritzeko. Arratsaldean, berriz, hainbeste buruhauste eman duen eskutitza -ez baita erraza zerrendatik nahi ditugun jostailuak kentzea- eskuan hartu eta plazara jaitsi, Olentzerori eskura emateko. A ze urduritasuna!
Olentzero Okendo plazako etxean atsedenalditxo bat egin zuen, menditik oso nekatua jaitsi baitzen. Bitartean, Amalur eskolako haurrek, talogileek eta Amaraumeko pailazoek girotu zuten plaza. Bertan, ikastetxeetan landutako marrazkiak eta olentzeroak ikusgai zeuden. Olentzerok esan digunez, asko gustatu zaizkio Lasarte-Oriako umeek egindako eskulanak. Eta azkenean, iritsi zen umeek hain espero zuten unea, Olentzero! Honek haurren eskutitzak eta muxuak jaso zituen. Ez dakiguna da, Olentzero eta Xixukok haurrek eskatutako opariak ongi banatuko zituzten herriko etxeetan.•