Itziar Carrasco
Afizioa lanbide egin zenuen.
Lau urte egin nituen profesionaletan eta ez nuen suerte izan: lehen urtean Caja Ruralarekin hasi eta Paterninarekin bukatu genuen, diru arazoak zeudelako; hurrengo denboraldia berandu hasi ginen eta hirugarren urtea ona egin genuen, baina Paterninako zuzendariak, Marcos Egizabalek, taldea desegin egin behar zela erabaki zuen; ondoren, Olanorekin Caja Hipotecarian egon ginen, baina hemen ere dirurik ez zegoela eta bi hilabete besterik ez genituen egin.
Bizikletatik jaitsi eta zer egin zenuen?
Caja Hipotecariak taldea desegin zuenean hogeita sei urte nituen eta lanean hasi behar nuela erabaki nuen orduan. Garbi neukan kirol munduan jarraitu nahi nuen eta masajista bezala hasi nintzen. txirrindularia nintzela Goyok ematen zizkidan masajeak Usurbilen eta bien artean Lasarten masaje zentroa jartzea erabaki genuen, Kima. gero Euskaltel-Euskadin lanean hasteko eskaini zidaten eta geroztik hor nabil.
Zer nahiago duzu, txirrindulariaren ala masajistaren bizitza?
Txirrindulari bezala bizitza polita da, baina ez nuen suerterik izan. Profesionaletan urte batzuk egin nituen, 1988an Seuleko olinpiadetan 100 kilometro erlojupekoan parte hartu nuen, baina... Ez diot buelta gehiago eman nahi. Txirrindulari talde batean masajista bezala lana egiteak etxetik kanpo denbora asko pasa behar dela suposatzen du eta nahiko ondo moldatu naiz, baina gero haurrak etorri eta baldintzak aldatu dira.
Txirrindularitzan hasi zinanetik gauzak asko aldatu al dira?
Aldaketa handia dago. Egun, 16-17 urteko txirrindulariak profesionalak dira: material onak dituzte, medikuak, prestatzaileak... eta denak Indurain izan nahi dute. Prestakuntzari dagokionez, hau ere asko aldatu da. Errepideak ere asko aldatu dira. Errepideak gero eta arriskutsuagoak da, batez ere, gure ingurukoak (Usurbil, Andoain, Urnieta, Hernani, Lasarte-Oria eta Donosti). taldeetan txirrindulari gehiago ibiltzen zen, pelotoiak handiagoak ziren garai batean.
Euskaltel-Euskadik 2007ko denboraldiaren zein balantze egiten du?
Ona izan da guretzako. Taldearen helburuak Tourra, Euskal Herriko itzulia, Euskal bizikleta eta Vuelta España dira. Badakigu talde handi bat ez dugula, beraz, pentsatu behar dugu gure helburua karrerak egitea dela. Samuel Euskal Herriko itzulian ondo egon zen, Vuelta Españan podiuma eta hiru etapa lortu zituen, eta Tourrean ere txukun ibili garela uste dut.
Zein helburu duzue 2008rako?:
Gutxi gora behera helburuak berdinak dira. Tourra markatzen digu denboraldia. Txirrindulariek karreretan gehiago parte hartu dezaten lortu nahi dugu eta prestakuntza on bat izan dezaten saiatzen ari gara. Azken finean, gauzak ondo egiten saiatu behar gara gero karreran emaitza onenak ateratzeko. Aurten, Belgikako klasiketan hobeto ibili nahiko genuke, baina zaila da esperientzia behar delako. Pixkanaka, baina ari gara.
Fitxaje berririk ikusiko al dugu elastiko laranjarekin?
Zazpik utzi behar dute eta hiru berri ditugu: Egoi Martinez (Etxarri-Aranazekoa) beteranoa da, lehen gurekin egondako eta bi urte Discoveryrekin egin ondoren gurekin bueltatzen da eta gero bi gazte, Aramendia eta Josu Agirre.
Euskaltel-Euskadi taldeak kanpotarren fitxajeak behar al ditu ala Atletiken modura etxekoekin moldatzen al da?
Samuel kenduta gainontzekoak bertakoak dira. Euskaltel-Euskadi jaio zenean, filosofia batekin jaio zen: bertako txirrindulari gazteei aukera bat ematea. Uste dut posible dela hemengo txirrindulariekin maila altuenean egotea.
Nola ikusten duzu herriko txirrindularitza?
Lasarte-Orian talde bat osatu beharko litzateke gazteei laguntzeko eta kirol hau herrian bertan egiteko aukera eskaintzeko. Igeriketa, futbola, tenisa edo atletismoa daukaten bezala, txirrindulari eskola bat eduki beharko lukete. 18.000 biztanleen artean egongo dira zaletuak, pentsatzen dut. Zikloturismoa joby bezala oso ondo dago baina gazteei aukera eman behar zaie. Gure garaian guri lagundu ziguten bezala guk ere zerbait egin beharko genukeela uste dut. Ezagun batzuekin saiatzen ari naiz talde bat osatzen eta agian, hemendik urte betera taldetxo bat atera dezakegu.
Nola bizi izan duzue dopinaren auzia?
Dopajea argi dago hor dagoela. Baina, orri asko betetzen ditu gai honek, kazetariek morboa bilatzen dute eta txirrindularitza oso ahula da, beraz, oso erraza da. Uste dut gai honi eman behar zaiola eman behar zaion garrantzia.
Ez al da osasunarentzako arriskutsuagoa Tour bat garbi korritzea, dopatuta korritzea baino?
Ni ez nago dopajearen ez alde eta ez kontra. Gustatuko litzaidake denak baldintza berdinetan korritzea. Diru gehien duten taldeek mediku onak ekarri dituzte eta izugarrizko hobekuntzak izan dituzte, gainontzekoak oso atzean gelditu dira. tourreko etapak duela 100 urte egin ziren eta garai hartan ez dakit nola moldatzen ziren etapa hauek egiteko, baina hiru astetan hor egoteko...
Zergatik zigortzen ari dira txirrindularitza eta ez beste kirol edo kirolari batzuk?
Ez direlako batzen ez taldeak, ez txirrindulariak, ez federazioak eta denak beraien artean borrokan dabiltza. Horregatik, uste dut txirrindularitza ahula dela. Futbolari batek positiboa ematen baldin badu, prentsan oso leku gutxi eskaintzen diote, txirrindulari baten kasuan berriz, bi edo hiru orrialde.
Normalean emakumeak kirolan 2.maila batean egoten dira, baina txirrindularitzan hau areagotzen delakoaren sentsazioa daukat.
Beti egon dira emakumeak txirrindularitzan, baina zaletu gutxi dago. Komunikabideak ere eragina du honetan, zaletuak dauden lekura mugitzen da prentsa eta alderantziz. Beraz, zirkulu bat da. Emakumeei galdetu beharko litzaieke ere zergatik ez duten txirrindularitza egiten.
Anekdotarik?
Txirrindularitzan hasi nintzanean, 13 edo 14 urte nituela, Bidaniko buelta egin nuen, 90 bat km. Bueltan nentorrela, Andoainen porru eginda jaisten ari nintzen, bizikletaren gainean lo hartzen nuela eta errepide bazterrean eseri eta lo gelditu nintzen. Kotxe bat geratu zen nire aurrean, erizaina zen neska eta ea laguntzarik behar nuen galdetu zidan eta Errekalderaino ekarri zidan autoz.•