“Lurralde okupatuetan egunero jendea torturatzen eta atxilotzen jarraitzen dute”

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 7a

Luisma Lopez Saharan izan berri da iragan urteko azaroaren 17tik abenduaren 15era bitartean. Lehenago ere joan da udan haurrak ekartzen dituzten harrera familiekin batera, baina lehen aldia da bere kontura doala eta han aurrera eramaten ari diren proiektuen berri eman digu.

Zein izan da zure eginkizun nagusia han?
RASD-TV telebistarekin elkarlanean aritu naiz. Proiektu bat ari dira garatzen epe luzera kanal hau atzerrian ere ikus ahal izan dadin eta prestakuntza logistikoa zein teknikoa lantzen ari dira; hau da, hango jendeari kamerak eta bestelako baliabideak nola erabili erakusten ari dira eta azpiegituren instalazioa ere egiten ari dira. Andaluziako eta Donostiako Sahararen aldeko elkarteetako jendearekin egon naiz lanean.

Beste proiekturen batekin izan al duzu harremanik?
Bai, Arrasateko hiru pertsona joan ziren hara ni nengoen bitartean Gerrako Biktimen Zentroan proiektu bat garatzeko helburuarekin. Besteak beste, informatikako eta gaztelaniako klaseak emateko asmoa dute eta Aste Santuan hasi nahi dute. Bestalde, aurretik ezagutzen nituen beste ekimen batzuk ikusten egon naiz; negutegi batzuk eta ezgaituentzako zentro bat, adibidez. Horrez gain, Preso eta Desagertu Sahararren Senideen Elkartekoei (AFAPREDESA) ere lagundu diet. Garzonek Marokoko 31 buruzagiren aurkako kereila bat onartu berri du saharar askoren desagerpenaren eta hilketaren harira eta elkartearen ardura testigantzak jasotzea eta itzultzea izan da ondoren horiek Espainian aurkeztu ahal izateko. Oraindik luzerako joko du auziak.

Eskubideen urraketek, beraz, bere horretan jarraitzen dute?
Egunetik egunera jendea torturatzen eta atxilotzen jarraitzen dute lurralde okupatuetan; berdin zaie haurrak, emakumeak ala adinekoak diren. Ni han nengoela, adibidez, ikasle bat kotxez harrapatuta hil zuen poliziak eta han botata utzi zuten. •