Apainago, ederrago, gusturago ibiltzeko, makillajea ikastaroa

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 7a

Ttakun K. E.ak makillaje ikastaroa antolatu du eta eder egon edo karakterizazioak lantzen ikasi nahi duen guztiari irekia dago. Izen emate epea ostegunean, urtarrilaren 10ean bukatzen da, beraz, azkar ibili.

Txintxarri
Goizean jaiki eta aurpegia garbitu. Ispilura begiratu, eta zer ikusten dugu?
Askotan izutzeko moduko muturra. Begiak hazita, hileak nahastuta, zimurrak, beldurrezko pelikula bateko protagonista.
Zer egin dezaket nik nire alderdi onenak nabarmentzeko eta txarrenak disimulatzeko?
Ze, denoi gustatzen zaigu, bai gure buruari, eta bai besteei ere ahalik eta gure aurpegi onena eskaintzea.
Egia da gaur egun kirurgiak mirariak egin ditzakeela. Astakeri bat edo beste ere ezagutzen dugu. Baina gai hau albora utzita, makillajea eta karakterizazioari helduko diogu.
Sarritan ikusten ditugu gu bezain aurpegi arruntak dituzten zineko aktoreak adibidez, kalean harrapatu dituztela bere eguneroko zereginetan eta ez zaizkigu hain guapoak iruditzen. Pertsona arruntak dira. Gu bezala beraien ileak menderatu ezin dituztenak. Aurpegiko granoekin, bekainak ondo depilatu gabe, e.a. Baina, transformazio ikaragarriak egiten dizkiete filme eta argazkietan. Batzuetan onerako eta besteetan okerrerako. Egia da Photoshopak ere kirurgiak adina mirari egiten dituela.
Baina hala ere, gure aurpegiari etekin gehiago aterako genioke, nola egin jakingo bagenu. Ez al da?
Bai, eta horretaz gain, inauteriak datozela eta, hobeki esanda, gainean ditugula eta, zer otu zaigu? Ba, makillaje eta karakterizazio ikastaro bat antolatzea.
Poliki-poliki hasiko ginateke, lehenengo oinarrizko makillajea ikasiko genuke eta gero karakterizazioa.
Denok izan dugu frustrazio sentsazio hori inauterietan batez ere. Pailazo aurpegi triste bat marraztu nahi eta gure baldarkeria agerian geratu edo ederki margotutako gaizto aurpegi bat ikusi izan dugunean, ederki zegok!
Zer esanik ez antzerki munduan edo haurren aisialdian dabilen jendea, hauentzat ere baliagarri izan daiteke gure ikastaro hau. Izan ere apal-apal hasi eta nahi adina zailtzeko aukera izango dugu.
Momentuz, hiru saio aurreikusten dira, urtarrilak 12, 19 eta 26 larunbatetan. Danok Kideren lokalean da eta saioek 3 ordu iraungo dute, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Irakaslea Aintzane Uria da eta ikastaroaren prezioa 20 eurotakoa. Eta antolatzaileek esan digutenez, ikasle kopurua mugatua izango da, 10 pertsona.
Izena ematea Ttakuneko bulegoan edo 943 371448 telefono zenbakian egin beharko da urtarrilak 10a baino lehen.•