Trakatan, trakatan hiru errege... trakatan, trakatran Lasarte-Oriara

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 7a

Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, Erregeak Lasarte-Oriara iritsiko ziren larunbatean. Kabalgata Andoain bidetik etorri zen eta 17:30etan Txitxardin Beltza jatetxearen parera iritsi zen. Hemen zuzi-eramaileen aldaketa egin eta hiru Erregeek Lasarte-Oriako kaleak zeharkatu zituzten.
Nahiz eta aldaketak egon ibilbidean, haur eta heldu ugari Errege Magoen zai zeuden eta askok gozokiak biltzeko poltsak eskuan.

Geldialdiak

Ibilbidean lan gogorra izan zuten Erregeek Magoek gozokiak bota, haurrei agur egin, haizea, zein euria jasan eta zaldiak bidean mantentzen.
Honetaz gain, ekialdeko lagunek hiru geldialdi egin zituzten Lasarte-Orian.
Lehenengoa, Brigidatarren komentuan. Zaldia utzi eta Erregeak oinez sartu ziren bertara. Jaiotzeko Jesus haurra agurtu eta honi opariak eskaini ostean, Ama Brigidatarrei bisita egin zieten.
Ondoren, Okendora iritsi eta haur guztiei goiz oheratzeko gogoratu zieten. Segidan, haurrek oholtzara igotzeko aukera izan zuten Erregeei eskutitzak eman edo azken orduko eskariren bat egiteko.
Azkenik, Lasarte-Oria utzi eta Donostia aldera joan baino lehen, Atsobakarreko zaharren egoitzako lagunei bisita egin eta opariak banatu zizkieten.

Erregeen laguntzaileak
Goizean, berriz, 11:00etatik 13:00etara, Erregeen bi laguntzaile Okendo plazan egon ziren haurrei gozokiak eskaini eta hauen eskutitzak biltzen.
Honetaz gain, begirale taldea batek Udaletxeko arkupeetan berandu zebiltzan haurrei Erregeentzako eskutitza idatzi eta ekialdeko lagunei emango zitzaien marrazkiak egiten lagundu zien.•