Gai-zerrendako bik bakarrik onartu dira ohiko bilkuran. Batetik, Jose Encinas PPko zinegotziak aurkeztutako mozioa: Encinasek Ibarretxek iragarritako galdeketaren aurka agertu da eta Ibarretxeri "erreferenduma bertan behera utzi dezala" eskatzen dio mozioan, "horretarako eskumenik ez duelako, ezta habilitazio juridikorik eta indarrean dagoen legedia bere horretan betetzea" eskatzen dio. PPren mozioa aurrera egin du PSOE eta PPren botoekin, kontra EAE-ANV, EAJ eta EA azaldu dira eta PCLO abstenitu egin da.
Bestetik, Lasarte-Oriako Udalean Euskara Erabiltzeko III.Plana onestea bozkatu eta hau ere aurrera egin du PSOE alederdi kideen botoekin, EAE-ANV, EAJ, PCLO eta EA abstenitu egin dira, PPk kontra bozkatu du. ANVk aurreko bi planak "kaxoian" geratu direla leporatu die eta "aurrera pausoak eman nahi ditugu", horregatik "proposamen posibilista" aurkeztu zutela gaineratu zuen Joxe Goikoetxeak, EAE-ANVko zinegotziak. Estitxu Alkorta EAJko ordezkariak ere gauza bere leporatu die eta "gaurtik aurrera euskararen erabilpenaren alde" lanean hasi daitezela eskatu die. Ana Urchuegiak berriz, "kalitatezko euskara zerbitzua" dugula eta bere alderdi kideak, Iradik, Euskara Batzordeko buru zenean gauzak egiteko aukera izan zuela eta berari galdetzeko zergatik ez diren egin, erantzun dio EAJko ordezkariari.
Atzera bota diren mozioak
EAE-ANVk bi mozio aurkeztu ditu eta biak bozkatu ondoren atzera bota dira: batetik, "Espainiako poliziak Seguran egindako 25 atxiloketak irmoki salatu eta kartzelaratutako 19 militante abertzaleen berehalako askatasunarekin batera independentismoaren aurkako kriminalizazio eta jazarpenari amaiera exijitzen dugu", beste gauzen artean. PPko zinegotzia mozioaren aurka agertu da eta poliziak egiten ari den lana eskertu eta zoriondu du, "neurri polizialak nahikoak ez badira, neurri politikoak ere hartu beharko dira ETA garaitzeko". Alkatesak oso argi utzi du PSOEren jarrera gaiarekiko: "Duela 20 urteko argudio eta ideia berdinak entzuten ari gara. Duela 20 urteko berdinak zarete. Ideia guztiak defendatu daitezke, baina pistolarik gabe. Ausartak izan eta ETAtik desmarkatu zaitezte". Joxe Goikoetxeak erantzun dio Alkatesak esandakoak berak esango balu, bihar kartzelan egongo litzakeela. Estitxu Alkortak gehitu du, Seguran atxilotutakoak hitz egiteagatik, bilkura egiteagatik atxilotuak izan zirela, “ez inor hiltzeagatik”. Bozketan EAE-ANV alde, EA eta EAJ abstenitu eta gainontzeko guztiak kontra bozkatu dute.
Beste gai bati helduz, ESAITen "Nazioa bat, Selekzio bat" manifestuaren alde EAE-ANVk, EAJ eta EA azaldu dira, PSOE eta PP kontra eta PCLO abstenitu egin da.
Azkenean, galdera eta eskaerak egin ondoren, “bilkura bukatutzat ematen dut” esaldiarekin Ana Urchuegiak bi ordutako bilkurari bukaera eman dio.•