Txintxarri
Neguko merkealdiei dagokionez, Merkataritzarako Laguntza Teknikorako Bulegotik gogorarazi digute, urtarrilaren 7a eta martxoaren 31a bitartean egin behar direla, biak barne, gutxienez aste bat eta gehienez bi hilabeteko iraupenarekin. Merkatariek beherapenen hasiera eta amaiera eguna Merkatal Lurralde Bulegoari jakinarazi beharko diote eta horretarako merkealdiko salmentaren berri ematea bete beharko dute.
Eusko Jaurlaritzak merkatari guztiei komunikazio hau Internet bidez egiteko aukera ematen die www.euskadi.net/rebajas.webgunean. Hala ere, beste urteetan bezalaxe, komunikazioa idatziz egiteko aukera dute.
Kontsumitzaileentzako gomendioak
Kontsumitzailearen Bulegoak hainbat gomendio ematen ditu garai honetako hain ohikoak diren beherapenetako erosketak egiteko garaian kontutan hartzeko. Bulego honetatik ohartarazi nahi digute, beherapenak ezin direla saldoekin -produktuak balioa galtzen du narriadurarengatik -, likidazioekin -negozioa aldatu edo ixten delako- edo eskaintzekin nahastu behar. "Beherapenetan dauden produktuak kalitatea eta etiketa mantendu behar dute".
Kontsumitzaileek erosketa egiterakoan prezioaz gain beste gauza batzuk kontutan eduki behar duela gogorarazten dute kontsumitzaileen bulegotik: "kontutan hartu behar da produktuaren kalitatea, ez bakarrik prezioa. Gainera garbi ikusi behar da prezioaren beherakada; aurreko prezioa mantendu behar du produktuak. Erosketaren ordain agiria ere eskatu behar da.
Honetaz gain, establezimentuak behartuta daude beti onartzen dituzten ordaintzeko moduak onartzera.
Oso gomendagarria ere bada behar diren artikuluen zerrenda bat eta erosketa horietarako aurrekontua egitea. Prezioak denda ezberdinetan konparatzea ere garrantzitsua da, beherapenik iragartzen ez duen komertzio batek beste batek baino prezio baxuagoa izan baitezake.
Azken gomendioa berriz, erosketak lasai eta presarik gabe egin behar dira.•