Oporraldia, Afrikako herri batean lanean

maider-domingo 2008ko urt. 11a, 01:00

Goizeko seietan jaiki eta herrixkatik kilometro erdira dagoen putzura joan behar zuten Yabatalou-ko emakumeek ura lortzeko. Gogor egin behar zuten lan polea eta soka bitartez lur azpian 35 bat metrora zegoen ura atera ahal izateko. Orain, berriz, etxetik gertuago dute eta erraz lor dezakete Erramun Salazar lasarteoriatarrak eta Tomas Imaz zubietarrak instalatu duten sistema berriari esker.
Abenduaren 3tik 18ra bitartean izan dira biak Maliko Dogon Herrialdeko herrixka horretan. Ur-ponpa bat jarri dute putzuan eta hodi bidez herriko bi zonatan ipini dituzten biltegietara garraiatzen da ura. Horrela, Yabatalou osatzen duten sei auzoek eskura dute biziraupenerako oinarrizkoa den baliabide hori.
Lana "gogorra" izan dela onartu dute, eta "ondo pentsatzekoa"; izan ere, "hemen aise egin daiteke, baina han piezaren batek huts eginez gero lau orduko bidaia egin beharra dago hirira, gutxienez", azaldu du Erramunek. Halere, "oso esperientzia aberasgarria" bizi dute; "oporraldia pasatzeko beste modu bat", Tomasentzat.
Bide batez, argia eraman diete, baita ere, hango herritarrei. Ur hornikuntzaren instalaziorako erabili duten sorgailua aprobetxatuz auzo bateko plazatxoa argiztatu zuten eta jai bat egin zieten biztanleek ospatzeko.
Tomasek izan zuen lehen harremana herrixkarekin. Malira joatekoa zen duela hiru urte arkitekto batekin eta beste bi lagunekin ingurua ezagutzera. Azkenean ezin izan zuen abiatu, baina beste hirurek bidaiarekin aurrera jarraitu zuten. Yabatalou ezagutu eta apetan hartu omen zuen arkitektoak eta eskola bat eraiki zuen bertan. Hark jarri zuen martxan proiektua baina orain, 2006an hara lehendabizikoz joan zenetik, Tomas eta beste bizpahiru lagun ari dira, batik bat, jarraipena egiten, "bakoitzak ahal duen neurrian". Erramunek ere laguntzeko asmoa du.

Haur guztiak eskolatu
Proiektuen jarraipena egitea da, zehazki, egoera hobetzeko modua zubietarraren ustez. Eta aurrerabide horren gakoa, "haur guztien eskolatzea". "Ume bakoitzeko 1,2 euro ordaindu behar dira hilean horretarako. Hango familiek ezin dute, 6 eta 8 haur artean baitituzte, baina guk hemen dirua bildu eta irakasleei zuzenean ordaintzea pentsatu dugu ikasleentzat doan izan dadin". Inguruan eskola bat duen Misiones Catolicas elkartearekin harremanetan jarri behar dute orain irakasleak aurkitzeko eta proiektuaren behatzaile izan daitezen proposatzeko.
"Aldaketak eskolatik etorri behar du”, iritzi du Tomasek. Bitartean "oso zaila da" beraren ustez osasunaren arloan, esaterako, egitasmorik garatzea. "Ez gara horretan sartuko, ez baitaude prestatuta. Ezin zaizkie sendagaiak zuzenean eman edozein moduz hartzen baitituzte". Halere, "behar ikaragarria" dutela argitu dute bi lagunek.

Emakumea, “kastigatua”
"Ume bat titian, beste bat bizkarrean eta hirugarren bat sabelean". Horrela deskribatzen du Tomasek emakumea. "Oso kastigatua dago, berak baitarama soinean familia osoaren pisua". Ura atera, bertako elikaduraren oinarria den artatxikia txikitu... "berak egiten du guztia". Gizonezkoen ardura, berriz, "lurra landatzea eta jasotzea da. Hortik aurrera, ezer gutxi". Hezkuntzak ikuspegi hori zabaltzen lagun dezakeelakoan daude.
Maletak bete-bete eta lagunartean bildutako diruarekin joan eta ezertxo ere gabe bueltatu dira. Gaitzik ere harrapatu dute. Lau egun ospitalean pasa zituen Lasarteko lagunak, janariaren garbitasun eskasak eraginda. Baina ez dute bizitakoa ahaztuko. "Erraza da hemengo bizimodura ohitzea, baina bizipena barruan gordeta geratzen da. Askotan egiten dut horrekin amets", aitortu du Erramunek. •