Nolatan sortu da Saiatuz Kirol Elkartea?
Herrian zikloturismo egiteko eskari handia zegoela susmatu genuen. Honetaz gain, gutako asko bere kabuz entrenatu edo errepidera ateratzen ginen. Pixkanaka jendearekin hitz egin eta denak batera ateratzeko taldea sortzea adostu genuen.
Zein da elkartearen asmoa?
Txirrindularitza eta kirola bultzatu nahi dugu Lasarte-Orian eta horretarako hainbat ekintza antolatzeko asmoa dugu.
Nolako ekintzak izango dira?
Oraingoz, bi egitasmo prestatu ditugu, biak bizikletazaleei zuzenduak. Batetik mendi bizikleta irteera egingo dugu apirilak 6an eta bestetik uztailean lasterketa. Azpimarragarria da biak herrikoiak izango direla eta edonork hartu dezakeela parte.
Zein kirol barneratzen ditu taldeak?
Talde zikloturista da, baina triatloi eta atletismo sailak ere izango ditu. Azken hau gutxi landu dugu oraingoz kirol hau egiten duen kiderik ez dago eta. Eta triatloi sailean, berriz, Lasarte-Oriako Igeriketa Taldeko atal honetako kidea ohiak izango dira.
Kideei buruz ari garela, zenbat kide daude Saiatuz elkartean?
48 pertsona egin dira elkarteko kide eta adin desberdinetakoak gainera, 18 urtetik 50 urterakoak baitira. Azpimarragarria da ez dugula adin mugarik, edonor izan daiteke kide.
Baina haur edo gazteak ere kide izan al daitezke?
Errepidean ibiltzeko gai izan behar da eta hori, nire ustez, 15 edo 16 urte dituzunean da posible ez lehenago.
Irteerak aipatu dituzula, Lasarte-Orian dauden taldeen antzera, hau da, LOKE edo Batasunako zikloturisten antzerako egutegirik prestatu al duzue?
Egutegi zehatzik ez dugu izango. Jendea animatzen denean aterako gara. Hala ere, astebururo ateratzea posible izango litzatekeela uste dut.
Bestalde, kide asko gara. Batzuk entrenamenduak direla eta besteak beste egitekoaren bat dutela, kale egingo dute. Hala ere, nire ustez talde polita sortuko dugu errepidera ateratzeko, 20 eta 30 pertsona artekoa.
Lehiaketetan parte hartuko al duzue?
Zikloturista atalak ez du asmorik. Bai, ordea, triatloi eta duatloikoak, ahal duten txapelketetan parte hartzeko prestatzen ari baitira.
Sortu berriak zarete, baina ba al duzue lokalik?
Oraingoz ez. Hala ere, MKL bizikleta denda gure elkargunea dela esan daiteke. Honekin batera egiten dugu lan, bizikletako osagaiak erosi, etab. eta, beraz, gehienok hortik pasatzen gara.
Eta diru laguntzarik eskuratu al duzue?
Bai, asko kosta zaigu baina talderako babesleak lortu ditugu, MKL bizikleta denda, Langlass kristaldegia, Indartuz prestatzaileak eta Arizaun taldea. Honi esker, ekipamendua erosi ahal izan dugu.
Beraz, ekipamendua ere izango duzue?
Bai, noski. Gainera, MKL bizikleta dendan dago salgai eta nahi duenak eros dezake, ez du zertan taldekoa izan beharrik. Dendara joan, galdetu eta erostea besterik ez dauka.
Azkenik, jendea animatuko zenuke zuen Saiatuz kirol elkartera batzera?
Bizikletan ibiltzea gustuko duten guztiak dira ongi etorriak elkartera. Honetaz gain, esan bezala, edonork du izen emateko aukera. Oso erraza da gainera, MKL dendara joan eta bertan izen ematea da. Informaziorik nahiez gero ere bertara joatearekin nahikoa litzateke.•