Noiz hasi zinen judoa egiten?
Duela lau urte hasi nintzen judo egiten. Lagun batekin hasi nintzen, bioi gustatu eta aurrera jarraitu genuen. Hasieran, ez nuen espero txapelketetan parte hartzen hastea, baina hauetara joaten hasi eta gaur egun arte.
Nolatan aukeratu zenuen judoa?
Klaseko lagun batek judoa egiten zuen eta nik inoiz ez nuela egingo esaten zidan. Lagun bat konbentzitu nuen, ez bainuen bakarrik egin nahi eta izen eman genuen. Lagunak utzi behar izan zuen, baina nik aurrera jarraitu dut.
Zenbat domina irabazi dituzu lau urte hauetan?
Ideiarik ez. Urrezko domina gutxitan irabazi dut, zilarrezko asko ordea. Lau urtetan txapelketa askotan aritu naiz eta.
Lan asko egin behar al da txapelketetan domina lortzeko?
Entrenamenduetan egin behar duzu lan. Entrenamenduetara joaten ez bazara, ez duzu txapelketetara joateko maila lortzen. Eta gustatzen bazaizu lan gehiago egin behar duzu, gimnasiora joan, entrenatu, etab. Entrenadoreak, Gorkak nire kasuan, esan behar dizu zein lan egin behar duzun, zer dagokizun hobe eta horren arabera lan desberdinak egiten dituzu.
Txapelketa garaian, entrenamendu gehiago baino, gehiago saiatzen zara, gogo gehiagorekin zoaz entrenatzera.
Orduan, zenbat ordu entrenatzen dituzu?
Berez, astean 5 ordu entrenatzen ditut. Baina batzuetan, txapelketa garaian gehien bat, lehenago elkartzen gara entrenatzailearekin gauzak landu eta hobetzeko.
Eta abenduan Kirolari promesa saria eman zizuten. Zer suposatzen du horrek?
Ez nuen espero. Urtea hasi eta txapelketetan parte hartzen hasi nintzen. Orduan, ez zen ziurra, baina agian kirolari promesa saria emango zigutela esan zuten. Gu pozik agertu ginen, Enekoren bigarren urtea izango baitzen eta nire lehena. Duela hilabete bat Gorkak, entrenatzaileak, medikura joan behar nuela esan zidan kirolari promesa saria zela eta. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Kirola egiten hasten zara, baina ez duzu horrelako saririk espero.
Eta aurten ere saria eskuratzeko prest?
Judo aldetik gaizki, lesionatua egon bainaiz. Ondorioz, lasai-lasai hartuko dut aurten, urte sabatiko antzekoa. Horrenbestez ez, baina mantso-mantso hasi beharko naiz. Bestela sambo edo bestelako txapelketetara joatea espero dut. Alde horretatik agian lortu dezaket.
Beraz txapelketa gutxi aurten?
Beno, esan bezala, samboko txapelketara joango naiz. Judokoak oraindik ikusteko dago eta lutxa libre gogoen arabera. Beste urtetan egin dugu eta aurten ere parte hartuko dugula uste dut.•
Nerea Eizagirre