Agur eta ohore, Ahmad Maslamani

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 11

Astelehenean bihotzekoa eman zion eta Ramalako ospitalean zendu zen. Ahmad Maslamani Palestinako panorama sozio-politikoaren figura garrantzitsuenetakoa izan da. Bere bizitza osoa Palestinaren alde eman du: FPLP-ko Komite Zentraleko kidea, Health Work Comittes erakundeko zuzendaria, Palestinako herri mugimendu eta borroken kide garrantzitsua, okupazioaren kontrako borrokalaria eta harresiaren kontrako kanpainaren zuzendarietako bat.
4 aldiz kartzeleratua izan da eta askotan atxilotua. Bere izaera eta nortasunagatik errespetatua, estimatua eta aintzakotzat hartua izan da Palestinan eta Palestinatik kanpo.
Askapenaren brigadista askok ere berarekin egoteko aukera izan dute, eta Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren aldeko borroka lehen eskutik ezagutzen eta estimatzen zuen.
Lerro hauen bidez, bere borroka kide guztiei, bere lagunei eta bere familiari gure berotasuna, gertutasuna, animoa eta borroka grina helarazten diegu!
Zuretzat omenaldirik onena Palestina, Euskal Herria eta munduko herri guztiak askatzea da, bai eta sozialismoa eraikitzea ere.

Gora Palestina Askatuta!
Lurra eta bakea!
Hamaika herri, borroka bakarra!

Askapena