Txintxarri
Larunbatean Eskola Kirola egitasmoko Kirol Topaketa egon zen Lasarte-Oriako kiroldegian. Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietako LH 4ko 45 bat haur saskibaloia eta igeriketan jardun ziren.
Goizeko 9:30etan batu ziren guztiak eta taldea bitan zatitu ostean 45 minutu egin zituzten kirol bakoitzeko. Igeriketan jolasak egin zituzten bitartean, saskibaloian hiru hiruren aurkako partidak jokatzeko aukera izan zuten.
Asier Munduate Topaketen antolatzaile eta Eskola Kirolako arduradunak azaldu duenaren arabera, ”oso gustura egon dira haurrak. Igeriketan saskibaloian baino gehiago gozatu dute, jolasak egin ditutelako izango da”.
Eskola Kirola
Kirol Topaketa hauek Eskola Kirola ekintzaren barruan kokatuak daude. Ikasturte hasieran azaldu genuen bezala, egitasmo honen bidez, Landaberri eta Sasoetako ikastolako haurrek kirola egitea sustatu nahi da.
Horretarako, lau maila kontuan izanik, aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak kirol eskaintza zabala egin zaie.
Munduatek azaldu digunez, aurrebenjaminen 3 taldeek kirol hastapena egiten dute astean behin ordu batez.
Benjamin mailakoek, ordea, taldeko kirola eta bakarkakoa egiten dute. Taldekoari dagokionez, otsailara arte saskibaloian jardungo dira eta hil honen ostean, futbolean. Banakakoan, berriz, atletismo, igeriketa, pilota, judoa, tenisa, mahai tenisa eta gimnasia egiteko aukera izan dute. Bai taldeko, baita banakako kirolak ere ordu beteko iraupena dute. Eta, guztira, 16 talde sortu dira maila honetan.
Alebin mailan, 10 talde daude. Hauek benjaminen antzera, taldeko kirola eta bakarkakoa dute. Bakarkako kiroletan, igeriketa izan ezik, benjaminen eskaintza bera izan dute. Baina taldekoetan futbola edo saskibaloia artean erabaki behar izan dute haurrak. Jardueren iraupena ere ordu betekoa da.
Eta, azkenik, infantil mailan, saskibaloi taldea sortu da. Hauek astean bi ordu entrenatzen dituzte eta hasi zirenetik eskolarteko txapelketan parte hartu dute.
Kirol Topaketak
Kirol Topaketei dagokionez, benjamin mailan egiten dira, hau da, LH3 eta LH4ko haurrek egiten dituzte. Batzuetan Lasarte-Oria mailako topaketak izaten dira, hau da, Sasoeta eta Landaberriko haurrak batzen dira bakarrik eta besteetan, larunbata honetakoaren antzera, Usurbil eta Urnietako haurrek ere parte hartzen dute.
Honela, Asier Munduatek aipatu duenez, geratzen diren Topaketak hauek izango lirateke. Lasarte-Oria mailan, saskibaloi topaketa bat dago urtarrilaren 26an, teniseko bi (otsailak 16 eta maiatzak 31), atletismoko bat maiatzaren 30ean eta futboleko lau (otsailak 23, apirilak 14, apirilak 26 eta maiatzak 17).
Eta “Buruntzaldea” mailan, martxoaren 8an LH4ko haurrak Lasarte-Orian atletismoa egingo dute. LH3 mailakoek, ordea, herri kirolak egingo dituzte apirilaren 19an Urnietan eta jolasak maitzaren 10ean Usurbilen.
Topaketekin jarraikiz, salbuespen bat aipatzekoa dela azpimarratu du Munduatek, ekainaren 7an, LH5 eta LH6koek Topaketa izango baitute Donostian Usurbil eta Urnietako haurrekin batera. Honela, LH5ekoek surfa eta boleibola egingo dute Zurriolako hondartzan eta LH6koen kasuan, errugbian jardungo dira Groseko kiroldegian.
Txapelketak
Honetaz gain, Munduatek aurreratu duenez, alebin mailako hiru taldek saskibaloi eta futboleko txapelketak jokatuko dituzte ikasturte bukaera arte.
Futboleko taldeari dagokionez, Urnietako txapelketan parte hartuko du. Futbol 8ko txapelketa honetan urtarrilaren 19an hasiko dira lehian eta “Buruntzaldeako” taldeen aurka jokatu beharko dute.
Saskibaloian, berriz, bi talde lehiatuko dira, bata neskena eta bestea mutilena. Hauek otsailatik aurrera jardungo dira eta, arraroa baldin bada ere, Donostiako eskolarteko txapelketan lehiatuko dira.
Asierrek azaldu duenez, “Donostiako antolatzaileekin harremanetan jarri ginen taldeek txapelketan parte hartu zezaketen galdetzeko eta arazorik ez zegoela esan zigutenean, izen eman genuen”.•