Oria Beheko Kolektorearen eraikuntza aurten hasiko da

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 14a

Osteguneko Udal bilkuran Ana Urchueguia alkateak eman zuen berria. Honi esker, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak duela bi urte martxan jarri zen Loiolako depuradorara bideratuko dira.

Txintxarri
Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak aurten hasiko ditu Oria Beheko hodi biltzaile edo Usurbil-Lasarte Oria-Hernani kolektorearen eraikuntzarako lanak.
Berria Lasarte-Oriako alkateak, Ana Urchueguiak, osteguneko udal bilkuran jakin arazi zuen ANVren galderari erantzunez.
Honetaz gain, alkateak Cristina Narbona Ingurugiroko ministrarekin izandako bilera aipatu eta kolektorearen eraikuntza 2008ko Estatuko aurrekontuetan dagoela esan zuen.
Honela, Udalak helarazi digunaren arabera, lan hauek 27 milioi eurotako aurrekontua dute. Baina hauen lehiaketa BOEn noiz aurkezten den zai daude.
Honetarako, ingurugiroko baimena eta proiektuaren alde teknikoaren eta honen bideragarritasun-planaren baimena behar dira. Eta nahiz eta azken honen zai egon, aste batzuetan lortu daitekeela azpimarratzen du Lasarte-Oriako Udalak.
Honetaz gain, lanek aukeratutako eraikuntza enpresaren arabera 48 hilabete edo gutxiago iraun dezaketela ere aditzera eman du.

Lur kudeaketa
Era berean, Añarbek kolektorea egiteko behar diren lurrak kudeatu eta Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoaren eskuetan jarri beharko dituela jakin arazi du Udaletxeak. Eta, horregatik egun hauetan bilerak ditu lurren jabeekin. Bilera hauen helburua elkarren adostasunezko akordioak lortzea da. Era honetara, lur jabeek hauen okupazio osoa edo bide zortasunarengatik diru kopurua jasoko dute.
Lasarte-Oriaren kasuan, gaur eta bihar izango dira bilerak Udaletxean.•