“Sariak beti dira pozgarriak. Bereziki eta asko emozionatu nintzen Donostiako Urrezko Danborra eman zidatenean”

marikarmen-ormazabal 2008ko urtarrilaren 14a

Mari Karmen Ormazabal

Begi batetik operatu berria topatu dugu Antonio Mercero. Kataratak kentzeko egin diote ebakuntza eta orain beste begitik noiz operatuko duten zain dago. Hala ere, erdi-purdi egon da atsegin handiz hartu gaitu eta gustoz erantzun gure galderak.
Telecinco kateak eman dio 12 meses 12 causas saria, bere solidaritatea eta egindako akzio sozialengatik eragindakoa aitortzeko. Sari hori aitzakitzat hartuta, berarekin aritu gara solasean.

Azken filmeetan gai sozial gogorrak tratatu dituzu, baina beti puntu tragikomikoarekin, jendea emozionatzen baduzu gehiago konzientziatzen direla iruditzen zaizu?
Gai sozialak lantzen ditudanean hiru kontzeptu garrantzitsu erabiltzen ditut, mina, maitasuna eta umorea. Koktail bat egiten dut beraiekin eta gidoian egoki kokatuz noa. Drama, mina gehiegi dela pentsatzen badut, umorea sartzen dut, istorioa leuntzeko. Umorea ez dela jadanik beharrezkoa uste badut, maitasuna agerrarazten dut eta dena irribarre egitea da. Niri ondo dagokit jendea modu honetan konzientziatzea, modu honetan emozionatzea.

Gainera, hainbat sari irabazi duzu honengatik. Oraindik apalean kabitzen zaizkizu?
Bai, sariak beti dira pozgarriak, eta apalean ez badira kabitzen, "obrak egingo ditugu".

Baten bat bereziki diguzu gogoan?
Bai, bai, bai... Asko emozionatu ninduen Donostian 96an emandako Urrezko Danborra. Oso ekitaldi solemnea eta hunkigarria izan zen, Odon Elorza eta Pilar Miro zeuden, nire merituetaz oparotasunez hitz egin zutenak. Nik zera pentsatzen duen, "ene, nire ama bizirik balego emozioarekin negarrez ariko zen. New Yorkeko Emmy saria eman izana ere ezin dut ahaztu, hau ere oso hunkigarria izan zen. Bapatean Emmy baten jabe nintzela ohartu nintzen, telebista amerikarraren "Oscar" baten jabe nintzen.

Laburmetraiak egiten hasi zinen, asko ikasten da horiekin? Zuri zer irakatsi zizun?
Ni zine-eskolan nengoen ikasten eta laburmetraiak egin nituen. Kamera bat ematen ziguten, ideiak bilatzen genituen eta filmatzera. Baina irakasleen atentzioa eta zaintza geneukan, akatsak non egin genituen eta nola egin behar zen irakasten ziguten. Modu horretan hiru urte egon nintzen eta beno, heldutasun maila handia lortu nuen dokumentalekin irakasleei esker.
Nire lehen laburmetraia Trotin Troteras izan zen, Pariseko Arte Bienalean sari bat lortu zuena gainera. Oso laburmetrai polita eta sinplea zen. Xarma handia zuen, poesia... Arrakasta handia izan zuen, nik probetxua atera nion.

Zenbat metro pelikula filmatu duzu geroztik?
Ezinezkoa da jakitea. Ez dut denbora galdu kontatzen.

Zer egiten duzu kanpoan geratzen diren eszenekin?
Baten bat badago asko gustatzen zaidana, ba gorde egiten dut kuriositateagatik, baina orokorrean zakarrontzira botatzen ditut.

Nola aukeratzen dituzu proiektuak filmeetarako?
Ba norbaitek edo zerbaitek gain interesgarri bat aurkitzen duelako, edo zu zeu maitemindu zarelako baliagarriak iruditzen zaizkizun ideiekin, edo liburu batetik pelikula bat atera daitekeela ohartu zaretako, edo produktore bat astun xamar jarri delako pelikula bat filmatzeko kontuarekin... Ni beti gai sinpleak bilatzen saiatzen naiz, baina modu batean edo bestean denok bilduko gaituena eta hunkituko gaituena.

Irudimen handia behar al da "La hora de los valientes" edo "Planta 4ª" bezalako gidoiak egiteko edo ikerketa lan handi bat da?
Biak, irudimena eta ikerketa lana batera doaz, eta hori ona da. Beno, gerra zibileko filma egin nuenean, dokumentazioa behar nuen, asko ikertu behar izan nuen: Prado museotik gertu nola erori ziren bonbak, arriskuak... eszena guzti horiek nola izan ziren. Baina irudimena ere oso garrantzitsua da, eszenak zerorrek ateratzen dituzu... biak dira oso garrantzitsuak.

Zer eskatzen diozu aktore bati zurekin lanean hasten denean?
Testua ikasteko eta elkarrizketak ondo jakitea. Eta bere lanean kontzentratu dadila.

Haurrekin lan asko egin duzu, badirudi ez duzula Hichtcocken iritzi bera, "ez inoiz lanik egin haurrekin". Benetan hain zaila al da beraiekin lan egitea?
Niretzako ez, niretzako erraza da. Agian haurrekin lana egin baino jolastu egin behar delako. Umeak lanean daudela konturatzen badira, haserretu egiten dira eta alde egin nahi dute, ez dute ezer jakin nahi. Baina filmatzen ari zarela beraiekin jolasten baduzu, barre egin arazi... Haur batekin lan egin nuen filma batean, nekatzen zenerako, gela berezi bat geneukan tren batekin, jolasekin... haurrak bertan jolastu zezan eta ondo pasatzeko.
Hori da nire ustez egin behar dena, haurrekin jolastu. Gero, poliki-poliki ateratzen doa nola egin behar duen, nola esan behar duen... horrela egiten dut nik haurrekin lan, jolastuz.

Modu berean egin duzu lan jende helduarekin, hauekin arazoren bat izan duzu?
Nire esperientzia Y tu quien eres? filman Jose Luis Lopez Vazquezekin eta Manuel Alexandrerekin, bere 90 urterekin, zoragarria izan da. Ez dut arazorik izan, kontrakoa, bere pertsonaietan oso sartuta, dena ematen, beraien interpretazioa biziki sentituz... eta beti izan da horrela beste aktore helduekin ere. Arazorik ez.

Jakin badaiteke behintzat, zein proiektutan zaude lanean orain? Merceroren ze lan ikusiko dugu laster?
Orain ez dut proiekturik. Begietatik operatu behar naute, kataratak kentzeko, eta hori da nire proiektu bakarra momentu honetan.

Iñaki zure semeak, zure urratsak jarraitu ditu, ze gomendio ematen diozu, edo emango zenioke?
Beno, nire semeak hainbat filmetan egin du lan nirekin, zuzendari laguntzaile bezala, eta eskarmentua hartzen joan zen. Oso mutil bizkorra da eta ez ditu gomendiorik behar. Nirekin lan egin zuenean ikusi zuen nola egiten dudan nik lan, nola tratatzen dudan jendea... Berak ere oso ondo egiten du lan, telesail politak egin ditu.

Zinean egin duzu lan, telebistan eta dokumentalen bat ere egin duzu, zein da zure begikoa?
Dokumentalak grabatzen esperientzi polita izan nuen; telebistan telesailak egin ditut eta zoriontsua izan naiz, baina begikoa zinea dut.

Telebistara itzuliko zinateke?
Ez, ez baita lehen bezala lan egiten. Nik telesailetan eta zenbait programetan egin izan dut lan, eta hauek nazioarteko lehiaketetara aurkezten ziren, baina orain ez da orduan bezala lan egiten, modu desberdin batean egiten da lan.
Zer egingo zenuke zineko kamerak utziz gero?
Irakurri, kontzertuetara joan, emaztearekin bidaiatu, bilobekin jolastu, Lasarteko nire lagunekin musean aritu, udaberrian pelikulak ikustera joan... ikusten duzunez, oso garbi dut.

Kontatu daiteken anekdotarik?
Hainbeste daude... Behin nire lagunekin auzoan geundela, gertu geneukan emakume batek oso arraro begiratzen ninduen, sorgin aurpegiarekin. Hizketan geundela hurbildu egin zitzaidan eta zera galdetu:
- Zu al zara Mercero hori?
- Nola hori? Ni Mercero naiz, hori gabe - esan nion.
- Ba gaizkile bat zara, hiltzaile bat!! - hasi zen oihuka.
- Baina zer ari zara esaten emakumea
- Bai, bai, zuk hil zenuen Chanquete!
- Andrea ezin duzu fikzioa eta errealitatea nahastu, mesedez - esan nion.
- Bai, bai nik nahiko afizio badut gauza horietarako... eta alde egin zuen.
Beste anekdota bat ere kontatuko dizut, aurrekoa konpentsatzeko balio dezakeena. Nire auzoan oinez nindoala, auto bat zetorren bidetik, eta niregana hurbilduz zihoan heinean mantsotzen hasi zen. Barruan gazte batzuk zihoazen, eta autoa geratu gabe, baina mantso, nire ondotik pasatzerako batek oihu egin zuen: "Mercero, ez zaitez inoiz hil!. Eta aurrera jarraitu zuten.•