Udalak Gabonetako ekintzen balorazio positiboa egin du

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 14a

Txintxarri

Gabonetako ekintzak amaituta, Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak oso balorazio positiboa egin du. Arlo horretako batzorde buru den Jesus Maria Zaballosek azaldu duen moduan, “oso kontentu gaude, baina ez asistentzia eta abar aldetik dena ondo joan delako, baizik eta Lasarte-Oriako umeek eta eskualdetik gure udalerrira gerturatu direnek ekintza desberdinekin disfrutatu dutela ikusi dugulako”.

GHParen arrakasta
Ekintza horien artean azpimarragarria da, beste urte batez, Gabonetako Haur Parkeak izan duen arrakasta.
Guztira 7.300 pertsona gerturatu ziren Michelingo frontoian egon zen hamar egunetan. Asistentzia gehieneko egunak abenduaren 27a eta 30a izan ziren 1.200 sarrera ingururekin. Eta abenduaren 30ean, hain zuzen ere, egon zen txandarik jendetsuena, txokolatada ren ordua izan zen, arratsaldeko 18:30etakoa.
Olentzerori beren eskutitza ematera gerturatu ziren haurrak ere asko izan eta guztiek oparia jaso zuten gainera.
Honetaz gain, 400 haur eta gazte inguru bildu ziren bai gazteentzako berbenan, baita Sun magoaren saioan ere.

Gabon zahar eta Erregeak
Bestalde, Udalaren Gazteria eta Festetako sailak Michelingo frontoian helduentzako antolatu zuen berbenaren bidez, topaleku bat eskaini nahi izan zuen Gabon Zahar gauerako. Eta erantzun gisa, 200 pertsona inguru bertaratu ziren urte berria ospatzera.
Gabonetako ekintzei amaiera emateko Erregeen kabalgata izan zen urtarrilaren 5ean, larunbata. Aurten gainera zenbait berrikuntza izan zituen.
Goizean zehar pajeek zenbait ekintza egin zituzten haurrekin udaletxeko arkupeetan, hala nola, gozokiak banatu eta gaztetxoek eskutitzak idatzi eta marrazkiak egin zituzten.
Beste berrikuntzak kabalgatan zehar izan ziren. Batetik hiru Erregeak Ama Brigidatarren komentuan gelditu eta Jaiotzaren aurrean ofrenda egin zuten eta, bestetik, Okendo plazan eskutitzak jaso zituzten. Eta azken geldialdia zaharren egoitzan egin zuten. Honetaz gain, karrozarekin batera astoak eta ahuntzak irtetzea ere nobedadea izan zen.

Udalaren eskerra
Udalak herritarrei Gabonetako ekintzetan parte-hartzea eskertu nahi die eta, bereziki, ekintzak posible egin dituzten kolaboratzaileei. Gazteria eta Festetako saila lanean hasi da dagoeneko 2008 urte honetako Gabonetako festak antolatzeko.•