“Kontatu gabe dagoen Argentinako historia berreskuratu nahi dugu”

itziar-carrasco 2008ko urt. 14a, 01:00

Madres de Plaza de Mayo unibertsitatean ikasi duten bost ikasleek osatzen dute Mascaró, Cine Americano taldea. Unibertsitatean bideoaren erabilpena ikasi eta denuntziarako erreminta izan dute. Gainera, "jaso dugun ikus-entzunezko ikasketen ondorioz, kontra-informaziorako politika aktiboa beharrezkoa dela konturatu gara". Ana Maldonado taldeko kideak aurreko ostiralean Gaviotas Blindadas lana Xirimiri Elkartean aurkeztu zuen. Ana Lasarte-Oriara etorri denez, berarekin hitz egin dugu Mascaró zertan datzan hobeto ezagutzeko.

Mascaró, Cine Americano talde argentinarrak Haroldo Conti idazlearen oroimenez du izena. Idazlearen azken lana Mascaró, el cazador americano izan zen eta honetan zirko batek herriz herri erreboluzio txikiak probokatzen zihoala kontatzen da. "Hori da gure helburua", dio Ana Maldonadok, "Historia itxaropentsua kontatzen duten dokumentalak zirkulazioan jartzea, eta aldi berean, aldaketa soziala lortzeko borrokatzen ari diren taldeei beste taldeen esperientziak jasotzen duten materiala eskaintzea, hauek mobilizatzen laguntzeko".
Taldea Uso mis manos, uso mis ideas dokumentala lanaren ondorioa da. Hau da, ikasle argentinar talde honek 2002. urtean bukatu zituzten informazioa eta ikerketa ikasketak aipatutako dokumentalarekin. Hortik aurrera zine talde bezala eratzen da taldea eta pelikulak eta dokumentalak ekoizten hasten dira.

Zine mugimendua
Ana Maldonadok kontatu digunez, Argentinako 2001. urteko krisiaren ondorioz, mugimendu sozial sendoa sortu zen auzoetan eta honekin batera dokumentalen zine mugimendua sortzen da Argentinan ere. "Militante edo aktibistak izandakoen eskutik sortzen dira mugimenduak aldi berean. Gertakari desberdinak, leku desberdinetan kamera batekin jasotzen hasten dira eta hemendik aurrera proiekzioak eta bestelako ekimenak martxan jartzen dira".
Latinoamerikan borroka sozialekin konprometitutako zine dokumentalen korronte oso garrantzitsua egon zen 60 eta 70. hamarkadetan, "zinearen bitartez, hau errementa bezala hartuta, arazo sozial eta politikoak zabaltzen ziren", dio Mascaró taldeko partaideak. Honen harira, "Hori berreskuratzen dugu eta egun, ekoizten ditugun pelikulak auzoetara eramaten ditugu. Zinean ere doaneko emanaldiak eskaintzen ditugu".
Zirkuitu komertzialetan dokumentalak aurkeztea eta emanaldiak ematea zaila dela kontatu digu argentinarrak. "Argentinar Dokumentalgileen Elkartea sortu da Argentinako Zine Institutuari presioa egiteko eta zenbait eskaera egiteko: dokumentalak egiteko dirulaguntzak eta zine aretoetan gure lanek leku bat izan dezaten". Mascaró taldeak autogestioan oinarritzen da momentuz, hau da, egindako lanak salduaz.

Memoria historikoa
Mascaró zine taldeak "kontatu gabe dagoen historia" dokumentalen bitartez jaso eta hedatu nahi du. Horretarako, bost dokumentalez osatutako lana egiten ari da. Dagoeneko hiru egin dituzte. Clase izan da lehena, 70. hamarkadan Cordobako probintzian izan ziren borroka sindikalak jaso dituzte.
Gaviotas Blindadas izenburupean bi lan egin dituzte eta hirugarrena estreinatzear dago. Hauetan PRT-ERPren, Partido Revolucionario Trabajador eta Ejército Popularraren, historia jasotzen da. Lehen bi zatietan diktadura aurreko egoera kontatzen dute eta bi hilabete barru aurkeztuko duten 3. zatian diktadura garaian gertatutakoak jaso dituztela azaldu digu Anak: "militantzia iraultzaileak 1976. urte arte garrantzi handia eta indarra izan zuen. 76an, berriz, estatu kolpearekin dena isildu egiten da, 30.000 pertsona desagertzen dira - erregistratuta daudenak -, preso politikoak, militanteak erbestean... 1983an irekiera demokratikoarekin batera, mugimendu sozial eta politikoak agertzen hasten dira indar gehiagorekin, arazoak, pobrezia, desberdintasuna 73an baino handiagoak direlako. Hau guztia, proiektatuta ikusten dutenean, jendea identifikatuta sentitzen da eta duela 30 urteko arazo berdinak ditugula ikusten du, baina garai hartako antolaketarik gabe", azaltzen digu Ana Maldonadok, “Medemismoko urteetan desberdintasun eta pobrezia sakonenean murgildu gara”.
Zikloa bukatzeko, Argentinako alde kulturala jasoko dute egitear dagoen azken dokumentalean.•