Maite zaituztegu

itziar-arteaga 2008ko urt. 18a, 01:00

Ogia, gasa, telefonoa eta argindarrak igo dizkigutenerako zenbat gauzak egin duen gora. Eta, urte berriarekin etorri dira denak.
Hertzainak abesten zigun 564 ohe huts haiek ere, gora egin dute. Zenbat herritar gehiago doan orain, astero, espetxera bidaian. Maite zaitut, Nire poltsarekin, autobusera abiatzen naizen bakoitzean, Bidaia luze horretan loak ezin hartuz, Maite zaitut Nirea ez den herri batean kafesnea hartzerakoan zioen Muguruzak egin eta makinatan kantatu dugun abestiak.
Eta, idazteari lotzen natzaio, oraindik mahai gainean erantzuteko daukadan eskutitzari zeharka begiratu ostean. Ruperren Ez da posible etorri zait ezustean. Alboratu det. Posible da, bestela ez litzateke hau guztia gertatzen ariko. Gaur bertan zabaldutako egunkariak 18/98 auziagatik espetxeratutako lau preso politiko gehiago bakartu dituztela dio.
Maite zaitut, Pirritx eta Porrotxekin uda beroago kantan zioten. Orain honek ere, maite zaitut esatea alegia, ixilpekoa izan behar du. Maitasun klandestinoa.
Hernaniko alkateak esan zuena gogoratu dut: Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak gogoratu zituen eta Pedraz epaileak delitua egin duela dio jendaurrean esan eta txaloak jaso zituenean.
Sentimenduak ilegalizatu nahi lituzkete. Ezin dira maita. Ezin da honelako sentimendurik aitortu. Debekuak, zigorrak, ilegalizazioak edo errepresioak konponbidea ekarriko duela pentsatzen dute batzuk oraindik.