Osteoporosia eta azterketa klinikoak Lasarte-Orian

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 18a

Osteoporosia hezurren sistemari eragiten dio hauek hauskorragok bihurtuaz. Ondorio hau ekiditeko makina berria sortu da eta honen azterketa klinikoan Biyak Bat erretiratuen egoitza ari da parte hartzen.

Txintxarri
Osteoporosis, que no te rompa la vida izenburupean hitzaldia izango da gaur Manuel Lekuona kultur etxean, 19:00etan.
Hitzaldia herriko erretiratuen elkartean, Biyak Baten osteoporosiaren inguruan aurrera eramaten ari diren azterketa klinikoen harira antolatu da.
Helburua erretiratuen elkartean ezarri diren makinek osteoporosiaren efektuak gelditzeko dituzten ondorio positiboak aztertzea da eta apirilean amaituko dira ia urtebeteko lanaren ostean.

Makina aitzindariak
Makina hauek aitzindariak dira eta bere egileak Jokin Larretak, Inasmet eta Fatronik enpresen laguntza izan du hauek diseinatzeko.
Azterketaren arduraduna Ingema, Matia Instituto Gerontologikoa dugu. Honek Donostiako apartamentu tutelatuetan ezarritako makinekin, bi Lorean eta bat Berion, eta Lasarte-Oriako erretiratuen egoitzan jarri dituzten bostekin azterketa egin eta emaitzak lortzen ari da.
Azterketako arduradunek Lasarte-Oria aukeratu zuten bertako egoitzako ekimenetan betidanik parte-hartze handia izan baita.

Mugimendua eragin
Jakina den bezala, osteoporosia hezurren sistemako gaixotasuna da eta hauek hauskorragoak egiten ditu. Makina honen bidez, hezurren sistema estimulatu eta mugimendua errekuperatzen da.
Jokin Larreta asmatzaileak azaldu duenaren arabera sistema berritzailea da eta hezurrei mugimendua eragiten die. "Oinez ibiltzean eta lurrarekin jotzean uhin bat sortzen da eta ibiltzeko zailtasunak dituen jende helduari uhin hori eragiten diote makinek", dio Jokin Larretak.
Egun, Larreta makinen diseinua berritzen ari da. Izan ere, martxan dauden bostak inbestigaziorako dira eta komertzializatzeko egokitu egin behar dira, irailerako merkaturatzea aurreikusita baitago.
Gaurko hitzaldian Jokin Larreta bera izango da eta Diaz Curiel medikua, FHOEMOko (Fundación Hispana de Osteoporosis) presidentea izango du lagun.•