Okendo Zinema Taldeak ostegunetako proiekzioei ekingo dio otsailean

itziar-carrasco 2008ko urtarrilaren 18a

Urte askotan zehar bizipen izugarria izan da. Osteguna egun berezia zen. Goizean jaiki eta eguna ohiko planifikazioarekin hasten da, lana, egin beharrak... Baina ez, gaur osteguna da eta ez dago zine emanaldirik kulturetxean. Egunak beste zentzu bat hartzen zuen, lagunekin hitz egin osteguneko pelikula ikustea joateko, pote bat, bokata bat eta barrura. Batzuetan pelikula gustukoa, besteetan ez hain gustukoa, baina Okendokoek pelikulak aukeratzen bazekitela esaten genuen. Zine aretoan sartu eta herriko jendea ezagutu, agurtu, hitz egin... Eh, hastear dagoela!, korrika batean lagunek gordeta zuten lekura esertzera. Herrian ginen, herriko zinean, ez Urbilen, ez Donostin, denok anonimoak garen leku batean...

Horrela hasten da Okendo Zinema Taldeko kide berriek Udalera helarazitako eskutitza. Ia hiru urte Okendo Z.T.ak ostegunetako ohiko programazioa egiteari utzi ziola, hemeretzi urte ondoren, hainbat arrazoi tarteko: "Pixkanaka-pixkanaka asistentzia datuak gutxiagotuz zihoan, eta udaleko arduradunek iharduera hau antolatzeak zentzurik ez zuela pentsatzen zuten", dio zine klubeko partaideek agurtzeko Txintxarrin argitaratu zuten eskutitzak, "zer funtzio du zine klub bat izateak, zentzurik ba al du? Zentzurik ba al du borondatezko lanak esparru honetan? Lanean borondatez ari direnekin zein motatako harremana izan beharko luke Udalak?". Eta hausnarketa egin ondoren, hemeretzi urtetan egindako lana egiteari uztea erabaki zuten: "Izateari utzi diogu. Eta oraindik ibilbide luzea izan dezakeen eremu bat libre utzi eta ekintzaileentzako aukera emanez uzten dugu".

Indarberriturik
Garai hartan, ostegun oro zine aretoan biltzen ziren lagun talde batek ezin zuen sinetsi ostegunetako emanaldiek ez zutela jarraipenik izango, beraz horren aurrean zerbait egin behar zutela erabaki zuten. “Zailtasunak aukera bezala ikusi daitezke. Hasiera batean Udalaren ezezkoa zirudienaren aurrean eta herriko zinemaz gozatzen jarraitzeko gure nahiak bultzatuta, zine proiektuarekin aurrera egitea erabaki genuen”, diote taldekideek, "Okendo zine klubeko kide batzuekin bildu ginen kultur etxean ostegunetan zine emanaldirik ez zegoen jakiteko. Odoren, hainbeste urteetako lana ezin zela bertan geratu erabaki genuen", diote Okendo Zine Taldeko kide berriek, "ekimen hau berreskuratzea lortu baldin badugu, aurrekoek egin duten lan handia eta gogorrari esker izan da. Ezin genuen hauek ia hogei urteetan zehar burutu duten lana horretan utzi. Beraz, gure esku egon den guztia egin dugu berriz ere ostegunetako emanaldiak berreskuratzeko".

Bi urteetako lana
Okendo Zinema Taldeko kideek 2005eko abenduan hasi ziren ordurarte zine klubeko partaideak izandakoekin biltzen eta bi urte iraungo zuen ibilbideari ekiten. Udaleko Jone Altuna kulturako zinegotziarekin bildu ziren ostegunetako emanaldien inguruan Udalaren iritzia eta jarrera ezagutzeko. "Azkeneko urteetan oso jende gutxi joaten zela ostegunetako zinera, hau da, defizitarioa zela. Horregatik, zine emanaldien gastua urte horretako aurrekontuetan ez zegoela jasota".
Taldekideak kulturako zinegotziak emandako erantzunarekin ez zetozen bat, beraz, taldekideek ostegunetako emanaldiak berreskuratzeko zerbait egin behar zutela erabaki zuten eta kale inkesta bat burutu zuten. "Galdeketa zabala zen, azken finean, herriko biztanleen zinera joateko ohiturak ezagutu eta zehazki ostegunetako emanaldiei buruz pentsatzen zutena jakin nahi genuen", adierazi dute taldekideek.
Ondorio interesgarriak jaso dituzte: orokorrean jendea gutxitan doala zinera eta Okendokoek uste zuten honen arrazoia internet zela. Hau da, jendeak internetetikan jaisten zituela filmeak, baina inkestetan ez dela horrelakorik ondorioztatzen kontatu digute. Eta taldearentzako daturik garrantzitsuenak eta nabarmenenak ondorengoak izan dira: "inkesta egin zaienetatik %87ak Okendo Zinema Taldeak programatutako emanaldiak berreskuratu beharko liratekeela pentsatzen du eta %68ak noizbait udako Okendo frontoiko emanaldietan egon da", honen harira, "Udaletxean datu hauen berri izan behar zutela uste genuen eta hala egin genuen".
Okendo Z.T.ko kideek aurreko hilabeteetanan burututako kale-inkesta, honen ondorioak eta garatu nahi zuten proiektua txosten batean islatu eta udaletxeko erregistroan sartu zuten. "Denbora luze batean ez genuen erantzunik jaso", diote kideek.
Baina, denbora aurrera zihoan eta bitartean osteguneko proiekziorik gabe jarraitzen zuten lasarteoriatarrek. Aurreko uda pasa ondoren, Okendokoek bildu eta zerbait gehiago egitea beharrezkoa zela pentsatu zuten: "Etsipen puntu batean aurkitzen ginen eta imajinazioa lanean hasi zen. Hamaika gauza otu zitzaizkigun, dibertigarriak, egin ezinak, originalak... Guztia Udalaren eta herritarren arreta deitzeko. Inpotentzia sentitzeaz gain, oso momentu politak eta dibertigarriak ere bizi izan ditugu honen kontura".

Proiekzioak hasiko dira
Okendo Zinema Taldeko kide berriek hainbat saiakera egin ondoren, udalari egindako eskaera gauzatu dela ikusi dute. “Azkenean, Udaleko Kultura Sailarekin adostasun batera iritsi gara eta ondorioz, azken bi urte hauetan izan dugun ostegunetako zine emanaldien gabezia bukatutzat ematen da. Izan ere, otsailetik aurrera proiekzioak hasiko dira”.
Okendo Zinema Taldeak Udalarekin egindako hitzarmenak urte beteko epea jasotzen du, hasiera batean. Herritarren erantzunaren arabera ostegunetako zine emanaldiek jarraipena izango dute, edo ez. Hilean bi emanaldi izango dira.
TXINTXARRIko agendan proiekzio egunen eta orduen berri izango duzue.

Webgunea
Okendoko talde kide berriek berrikuntza batekin datoz, web gunearekin, www.okendozinema.org. Bertan, Okendo Zinema Taldearen historia, karteldegiak, foroa eta abar, aurkitu ahal izango duzue. Zine klubekoek herritar ororei ireki nahi dizkiete ateak. Horregatik, web gunean zuen ideiak, iruzkinak, proposamenak etab, jasotzeko prest daude.
“Orain, bide berri honetan zuen laguntza behar dugu”.•