“Zaharragoekin, ikasteko aukera handia duzu”

Nerea Eizagirre 2008ko urt. 18a, 01:00

Hamabost urte ditu, hala ere, hamaika txapelketetan parte hartu du. Aurten GR-12an parte hartu du. Baina kantuan ez ezik, bertso-paperak idazten ere iaioa dugu Ane Labaka eta abenduan Ibon Zabala Bertso-paper lehiaketako sari gorena eskuratu zuen.

Zenbat urte daramatzazu bertsotan? Eta nolatan?
Duela hiru kurtso hasi nintzen, hau laugarrena da. Nire ahizpa txikia hasi zen ikastolan eta berak kontatzen zuena gustatu zitzaidalako hasi nintzen.

Zaletasuna ere aitak bultzatua izango da, ezta?
Bai, berari gustatzen zaio eta. Beregatik ez balitz, ez nuke bertsolaritzaren berri jakingo.

Ibon Zabala Bertso-paper lehiaketa irabazi duzu, zenbat lehiaketetan parte hartu duzu?
Bi urte dira Ibon Zabala sarira aurkezten naizela. Honetaz gain, bertso eskolan hasi baino lehen, Donostiako ikastola baten ikasten dudanez, Donostiako Literatur lehiaketara orain dela lau urte bidali nuen lehenengoa eta urtero bidaltzen dut; Ordiziako Lazkao txiki bertso paper lehiaketa eta Beasainera Arrano elkarteko txapelketara.

Ez dira betiko onenak bertsorekin irabazi duzu, zein da gaia?
Hamasei urteko gaztea gurasoekin gaizki moldatzen da. Lehenengo bi bertsoetan aurkezpen gisa, ezin diela egindako guztiagatik barkamena aurpegira eskatu esaten die eta lau bertso uzten dituela sukaldeko mahai gainean.

Eta zenbat denbora behar duzu bertsoa prestatzeko?
Internet bidez jakiten dut txapelketen berri, batzuetan hiru hilabete ditut prestatzeko. Hala ere, azken momentuan prestatzen ditut eta eskolan lan asko edo gauzak egiteko badauzkat pixkanaka, aste batean bertso bat, bestean bestea...

Bertsoa idaztea edo botatzea, zer da zailen?
Beti da errazagoa idaztea, momentuan zuzendu dezakezu eta denbora gehiago duzu prestatzeko.

GR-12an ibili zara lehenengoz aurten, zer moduz?
Ondo, oso gustura. Eskolartekoan kantatzean giroa hotzagoa da, taula gainean zaude, e.a. GR-12a, berriz, tabernatan egiten da, jende ezagunarekin eta babestuagoa zaude.

Zein izan da saio hoberena zuretzat?
Zabaletakoa izan zen, bertan dagoen jendearekin etxean bezala sentitzen bainaiz. Gainera, gazteena izanda laguntza handia izan nuen. Jalgin abestu genuenean ere berezia izan zen, lagunak eta familia batzen baitira.

Eta zer moduz eskolartekoan?
Bi maila daude, bata 14 urtera arte egiten da eta honetan bitan atera naiz. Hiruko taldeetan lehiatzen da eta Asteasuko bertso eskolarekin, duela bi urte finalera iritsi ginen. Bestea 15 eta 18 urte bitarteko mailakoa da eta iaz ere finalera iritsi nintzen. Gazteena nintzen. Hala ere, gustura ibili nintzen eta finalera iristearekin nahikoa nuen.
Beraz, Asteasura zoaz bertso eskolara?
Bai. Hasi nahi nuela esan nion aitari eta hark ahizpa zegoen eskolan galdetu zuen, baina ordutegia ez zetorkidan ongi. Amaia Agirre ezagutzen zuenez, berari galdetu zion. Honek Asteasuko bertso eskolan klaseak ematen ditu eta hara joatea gomendatu zion. Orain ahizpa ere Asteasura doa. Hala ere, Lasarte-Oriako bertso eskolan ere ibiltzen naiz, zaharragoekin.

Gazteak edo zaharrekin abestea, zer da zailena?
Desberdina da. Zailago da zaharrekin aritzea, baina ikasteko aukera handia duzu hauekin zaudenean. Gainera, Asteasun Amaia da irakaslea eta berak esaten du zer egin, hemen ez dago irakaslerik denon artean egiten dugu.

Etorkizunean, txapelketetan ikusten al duzu zure burua?
Bertso txapelketa nagusian parte hartzeko lau urte geratzen dira, eskolartekoa bukatu eta aukera izango nuke. Hala ere, lau urtetan edozer gerta daiteke. Jarraitzen badut aterako naizela uste dut, ez dut ezer galtzen probatzeagatik.
Bestalde, bertso-paperak daude. Hauek idazten jarraituko dut, orain ere bat idazten nago. Ahal dudan lehiaketetan parte hartuko dut, bertsoak bidaltzeak ez dit kalterik egingo.•