Eska ezazu ogia euskaraz

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urtarrilaren 21a

Buruntzaldeko Udalak 2002an euskara egitasmoak elkarlanean garatzen hasi zirenetik, merkataritzakoa lan-esparru garrantzitsua izan da. Orain arte bideratutako egitasmoak sektorialak izan dira, hau da, urtero merkataritza sektore batera mugaturiko egitasmoak landu dituzte. Dagoeneko jatetxe, arrandegi, harategi, ile-apaindegi, estetika zentro, gestoria eta fruta -dendetan egitasmo espezifikoak bideratuta dituzte. Egitasmoak sektorialak dira, baina ez puntualak, jarraipena egin, egokitu eta hobetzeko asmoarekin berriro lantzen baitira. Oraingo honetan aurkeztu dutena okindegietan sustaturiko lehen kanpaina da.

Kanpainaren helburuak
Herritarrak sentiberatzea euskaraz kontsumi eta eska dezaten da helburu nagusia. Horretarako, Buruntzaldeko herri komunikabide guztietan emango da egitasmoaren berri, herritarrak euskaraz eskatzera gonbidatuz. Bezero euskaldunen kasuan, erosketa-jarduna euskaraz egitea sustatu nahi da eta bigarren maila batean, termino berriak ikastea eta erabiltzea. Erdaldunen kasuan, paisaia linguistikoan euskararen presentziaz ohartzea eta euskarara hurbiltzeko bidetzat hartzea.
Okindegietako jabeek konpromiso txiki eta praktiko bat hartzea eta bideratzea eskatuko zaie, jendaurrean dituzten ogien izena duten errotulutxoak eta kartela euskaraz izatea, eta ogien izenez serigrafiatutako poltsak jendearen bezeroen artean banatzea.
Dendari euskaldunak bezero euskalduna euskara erabiltzera gonbidatzeko bidea izan dadin nahi dute antolatzaileek. Dendari erdaldunari, ordea, euskararen alde bere esku dagoen urratsa egiteko aukera eman nahi diete. Euskaldun bezeroa euskaraz zerbitzatu ezin badu ere, beti izango du bere esku, hizkuntza paisaian euskararen erabilera normalizatzeko aukera.

Ezaugarri nagusiak
Buruntzaldeko okindegi guztiei eskainiko zaie egitasmoan partea hartzea honako eskainiz: Buruntzaldeko udalek prestatutako kartelak dendan jarri eta ogien irudia eta euskarazko izena izango duten errotulutxoak, dagokien ogi motaren gainean jartzeko konpromisoa hartuz gero, Buruntzaldeko Udalek parte-hartzailetzat hartuko dute establezimendua eta, ordainetan, bezeroen artean banatzeko poltsak eman eta parte-hartzaileen berri emango du herritarren artean, Buruntzaldeko herri-komunikabideak erabiliz.
Herri-komunikabideetan emango den informazioak bi helburu izango ditu: bata egitasmoan parte hartzen ari diren okindegiei beren ahalegina eskertzea, eta bestea, herritarrek okindegietan euskaraz eska dezaten sustatzea.

Euskarriak
Materiala agenda 21 kontuan izanda egin da. Horretarako paper erreziklatua erabili da, eta poltsari dagokionez kotoia eta tinta ekologikoa. Materiala guztira hau da: ogien aurren jartzeko , ogien izena euskaraz duten 26 errotulutxo plastifikatuak; jendaurrean, ondo ikusteko moduan jartzeko kartela errotuluetako ogi-izenez osaturik; kotoizko poltsak, irudia erdian eta errotuluetan agertzen diren ogien izenez inguratuta; erreportajea Buruntzaldeko herri-komunikabideetan.