EGUZKIk konpostajearen atzerapena salatu eta hondakin organikoaren bere halako bilketa eskatzen du

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 21a

Eguzkik helarazi duen prentsa oharraren bitartez, hondakin organikoen bilketa eta konpostajearen atzerapena salatu du. "Orain arte iragarri dituzten epeak ez dira betetzen ari. 2007ko otsailean, Aldundiak "konpostajera apunta zaitez" kanpaina "informatiboan" dirutza bat gastatu zuen, hondakin organikoaren bilketan herritarren parte hartzea sustatzeko. Frogarako ekimena aurreko udan martxan jarri behar zuten eta gainera Garapen Jasangarriko aldunak, Oiarbide jaunak, 2007a konpostajeari dagokionez, Gipuzkoarako urte klabea izango zela esan zuen. Baina, oraindik ez da ekimenik martxan jarri.
Horregatik guztiarengatik hondakin organikoaren "bere halako bilketa" martxan jartzea eskatzen dute Eguzkiko kideek. "Horrela, Zarautz eta Lapatx zabortegien bizitza luzatuko litzateke”.

Erakundeei eskaerak
Gainera, talde ekologistak ondorengo eskaerak egiten ditutze. Batetik, hondakin organikoen bilketa zabor honen ekoizle handiei zabaltzea eskatzen dute: catering enpresei, eskola eta ospitaletako jangelei, merkatuei...
Bestetik, hondakin organiko gordinei jartzen zaien mugarekin ez datoz bat, beste herrietan martxan jarri diren esperientzietan ez da holako mugatik jarri eta. Horregatik, administrazioei muga hau kentzea eskatzen die.
Txingudin, Donostialdean, Debagoienean eta Debabarrenean konpostatzeko plantak ahalik eta azkarren eraikitzea eskatzen dute.
Azkenik, herritarrei zaborraren gaineko tasak murriztea, hondakin organikoaren bilketan hauen parte hartzea sustatzeko.•