“Sortzen diren behar guztietara irekia”

Nerea Eizagirre 2008ko urtarrilaren 21a

Konfia, Bateragarritasun zerbitzuak bizitza familiarra eta lana bateratzeko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa da. Duela egun gutxi, urtarrilaren 7an, eskaintzen duen zerbitzuetako bat inauguratu zuen, Kolorin haurtzaindegia. Baina haurtzaindegiaz gain, eguneroko bizitza errazteko zerbitzuak, haur eta nerabeentzako zerbitzuak, 3. adina eta menpekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuak eta garbiketa ere enpresa honen esku utzi ahalko dute lasarteoriatarrek. Hauen guztien eta Lasarte-Orian izan duten harreraren berri jakiteko Teresa Hernandez zuzendariarekin jarri gara harremanetan.

Konfia S.M.ek Iñigo de Loiola kalean du bere egoitza, oraindik altzariak falta dira eta, enpresaren esku dagoen, Kolorin haurtzaindegian bildu gara Teresa Hernandez arduradunarekin.
“Egun Konfia enpresak bi ekintza nagusi ditu, Kolorin haurtzaindegia eta Konfia zerbitzuak”, azaltzen digu Teresak. Nahiz eta lokal bakarra iruditu, Konfiak eta haurtzaindegiak ate bereiziak dituztela ere ohartarazi digu.
Baina zer da Konfia? Teresak azaltzen digunaren arabera, bizitza familiarra eta lana bateratzeko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa da. Hau da, “etxea garbitzeko edo etxeko tramiteak egiteko denborarik ez duzula, guk irtenbidea ematen diogu”, dio Teresak.

Zerbitzuak
Honela, Konfiak eskaintzen dituen zerbitzuen berri ematen digu.
Guztira, lau arlo uztartuko dituzte, batetik eguneroko bizitza errazteko zerbitzuak daude. Honen barruan etxerako zerbitzuak, plantxa edo, enkarguak egin, otorduen prestaketa, oporraldietan etxea zaintzea eta kudeaketa eta administrazioko tramiteak egongo lirateke.
Bigarren arloan, haur eta nerabeentzako zerbitzuak daude. Bertan urtarrilaren 7an ireki zen Kolorin haurtzaindegia dago, baina honetaz gain, LHko ikasleentzat laguntzako klase partikularrak, haurrak gaixo daudenean etxean bertan zaintzea, ikastetxera eta autobus geltokira laguntzeko zerbitzua eta Kanguru/zaintzaile zerbitzua daude.
Hirugarrenean, berriz, 3. adina eta menpekotasuna duten pertsonentzako zerbitzu espezializatuak daude, hau da, etxez etxeko laguntza zerbitzua, laguntza pertsonala, etxeko laguntza eta etxean bertan konpainia egitea.
Eta, azkenik, garbiketa zerbitzua dute, bai etxeetan, baita komunitateetan ere.
“Honetaz gain, sortzen diren behar guztietara irekiak gaude. Zerbitzu hauek guztiak uztartzeko helburua dugu, handira jotzen duen proiektua baita”, aitortu digu Teresak.

Kolorin haurtzaindegia
Nahiz eta zerbitzuetako bat izan, Kolorin haurtzaindegiari buruz hitz egin dugu bereziki.
Urtarrilaren 7an ateak ireki zituen eta “haurrak adaptazio prozesuan daude,” aipatu du Konfiako arduradunak.
Teresak azaldu digunez, Kolorin lehen zikloko haurtzaindegia da, 0 eta 3 urte arteko haurrena. 350metro karratu ditu 6 gelatan banatuak, bi 0 eta 1 urte artekoa, hiru urte bete eta 2 urte artekoa eta bat 2-3 urtekoa.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako Saileko ezaugarriak betetzen ditu, irakasle titulua dute guztiek, baita euskara perfila ere. “Kolorinek proiektu pedagogikoa propioa du, non psikomotrizitatea ere lantzen den”, azpimarratu du.
Bestalde, jangela zerbitzu sukalde eta sukaldari propioa ditu, azken honek Osasuneko inspekzioa pasa du.
Eta nahiz eta egun oraindik ezarri gabe egon, kanpoan 85 metro karratuko jolas parkea izango du, asteburuetan librea izango dena. “Hesia izango du haurrak atera ez daitezen. Honetaz gain, trena, txirrista eta kulunka bat ezarriko dira. Baimen guztiak ditugu, baina eguraldia ez dugu lagun”, esan digu Teresa Hernandezek.

Sormena
Honetaz gain, Konfiaren sormenari buruz ere hitz egin dugu. Teresak azaldu digunez, “Konfia bi entitateek sortua da, bata heziketan esperientziaduna, Fondo de formación eta bestea Fondo de empleo, irabazirik gabeko elkartea”. Eta ideia emakumeen berdintasun legea martxan jarri ostean sortu zela azpimarratu du, baita duela gutxi martxan jarritakoa dela ere.
“Lana eta familia uztartzeko beharrezkoa da. Eusko Jaurlaritzak plangintza egin zuen bateragarritasun hori nola egin zitekeen esanaz”, dio jarraian.
Eta, era honetara, etorkizunean Konfiak 250 langile baino gehiago dituzten enpresei bere zerbitzuen eskaintza egingo diela ere aitortu digu. “Izan ere, enpresak bere langileei eskaini beharreko zerbitzuak dira eta legez behartuak daude”, esan digu. Hala ere, lege hori gutxi batzuk bakarrik betetzen dutela ere azpimarratu du.
Hau guztiaz gain, Konfiaren beste ezaugarri batzuen berri eman digu.
“Esate baterako, gizarteratzeko prozesuan dagoen jendeari lan emango diogu. Jarraipena egingo zaie eta lan munduan sartzeko aukera izango dute honela”, aipatu digu Teresak.
Eta diskriminazio positiboa egingo dutela ere esan digu, era honetara, Konfiako langile guztiak emakumeak izango dira.
Azkenik, jendeak izan duen erantzunaz galdetu diogu eta zera esan digu, “batzuk gerturatu dira eta haurtzaindegian matrikula dezente ditugu. Baina jende askok ez du gure enpresaren berri. Poliki-poliki zabalduko da. Izan ere, jendearen konfiantza piztea da garrantzitsuena, bere etxeetara sartuko baitzara. Gainera, jendeari arraroa egiten zaio. Baina gaur egun dugun bizitza kontuan izanik, azkenean zerbitzuak beharrezkoak dira”.•