Lasarte-Oriako Udaletxean EHNA tramitatuko da

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 21a

Antolatzaileen esanetan, beraien helburua, tramitazioa iraunkortzea da. Horretarako, hileko azken larunbatetan bulegoa irekiko dute goizeko 11:30etik 13:30era, EHNA tramitatzeko eta zalantzak argitzeko.

Azken hiru urteetan Udalbitzak tramitatu duen aitormena da EHNA. Beraien esanetan Euskal Herriko Naziotasun Aitormena hain zuzen ere, eta ez identitate txartela soilik.

EHNAren esanahia
Udalbiltzak argitu egin nahi du EHNAren esanahia zein den. Honen jabe denak ondorengoa adierazten duela: Euskal Herritarra izanik, Euskal Herria, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Behera eta Garaia, Lapurdi eta Zuberoako lurraldez osaturiko herria dela; Euskal Herriaren hizkuntza euskara dela, denon aldetik begirune osoa behar duena, eta euskal lurralde osoan estatus ofizial nahikoa izan behar duela; Euskal Herria, bere buruaren jabe, beregain, libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duen nazioa dela.

Egiteko arrazoiak
Honenbestez, aurrekoarekin bat datorren oro animatu nahi dute pausua ematera eta EHNA egitera. Euskal Herri osoan 50.000 baino gehiago dira EHNA dutenak eta Lasarte-Orian 500 baino gehiago. Beste tramitazio egun batzuetan, atzerritar gutxi batzuk ere hurbildu dira EHNA egiteko. Antolatzaileek esan digutenez, pozez betetzen dituela hurbildu izanak, izan ere, integrazio eta inplikazio maila handia erakusten du horrek. Argitu nahi izan digute “Euskal Herritara izateko, Euskal Herria bizi eta maitatzea nahikoa dela, hemen jaio diren askok sentitzen ez dutena”. EHNA egiteko honakoa eraman behar dena: hamabost euro, hiru argazki, erroldako agiria; 14 urtetik berakoentzat familia-liburua ere behar da. Galdutakoa berriz egiteko 6 euro eta argazki bat behar dira.

EHNA erabiltzea
EHNA dutenentzat, bera erabiltzea eta poltsikotik ateratzea animatu nahi dituzte antolatzaileek, “EHNA erabiltzen dugun bakoitzean, Euskal Herriaren aldeko adierazpena egiten duzu. Ondorioz, utzi alferkeriak eta erabili! Normaltasunean eginiko keinua bihurtu behar dugu”.
Noiz erabili: txartela bidez erosketak egiterakoan, identifikatzeko asmoz; Euskal Herriko mendi federazio txartela egiteko; Lasarte-Oria Bai! Herri-krosean izena ematerakoan; Hauteskundeetan. Martxoak 9ko hauteskunde orokorretan, EHNArekin bozka emateko deialdi berezia egin nahi dute “eta norberak eraman ahal duen eremu zabalenera ere”.

Noiz eta non tramitatuko den
Esan bezala udaletxean tramitatuko da hileko azken larunbatetan. Hil honetako 26an goizeko 11:30etik 13:30era, udaletxe ondoko Santa Ana karkaban dagoen portaleko azkeneko pisuan, eskuineko atean egongo dira.