Ttakun Kultur Elkarteak eta Landaberri ikastolako Helduen Antzerki Taldeak antolatutako makillaje ikastaroak ederrago egotea eta karakterizazioa lantzea du helburu.
Lehenengo saioak oinarrizko makillajea landu dute, eta azkeneko bietan karakterizazioan sakonduko dute. Inauteriak gertu daudela eta ez da ez, garai txarra. Inauteriez gain ere, herrian helduen bi antzerki eskola egon da, baliagarri izango zaie ikastaro hau.
Izena emateko epea zabaldu eta egun gutxietara ez zegoen jadanik lekurik. “Talde mugatua izan behar du” esan zuen Aintzane Uriak, irakasleak , “10 lagunekoa gehienez ere, bestela ezin da asko pertsonalizatu, eta ikastaro honek duen helburuetako bat bakoitzak bere burua makillatzen ikastea da”.
Helburu oso egokia alajaina, izan ere ispiluan aurrean ikusten duguna gure burua da, gure aurpegia. Beraz, ikasiz gero bakoitzak bere alderdi onenak nabarmentzen eta txarrak disimulatzen, ispilu aurrean gustuko aurpegia ikusiko dugu.
Ikastaroan parte-hartzen ari direnak esan digutenez, asko ari dira ikasten, eta gainera ez dira bakarrik teorian geratzen, praktikan ere jarri dute. Agian ez zineten konturatuko, baina azken bi aste hauetan hamar emakume dabiltza herritik ederrago, apainago, makillatuta...•