Udalak Institutuekin eta Ttakunekin hitzarmenak sinatu ditu

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 25a

Asteartean, urtarrilaren 22an, Ana Urchueguía alkateak, Euskarako Batzordeko lehendakaria den Ricardo Ortegak lagunduta, bi hitzarmen sinatu zituen, Lasarte-Oriako herritarren euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Lehena, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Mari Jose Eizmendi andrearekin sinatu zuen eta 2008. urteko egitasmoetarako 141.784,35 diru-laguntza jaso zen aipatutako hitzarmenean.
Hitzartutako programak hamahiru izan ziren eta hiru multzotan daude banatuta. Alde batetik, haur eta gazteen aisialdia euskalduntzera zuzendutako programak biltzen ditu (udako txokoak, gazteentzako kanpaldiak, Amaraun ludoteka, Kuadrillategi etab.). Bestetik, Txintxarri aldizkaria laguntzen du diruz. Azkenik, Solaskide-solasbide programa, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskara ikasten ari direnekin harremanetan jartzen dituena dago diruz lagundutakoen artean.

Irakutrezin aldizkaria
Lasarte-Usurbil Institutuko Esther Urrutia eta Landaberri Institutuko Abene Arriola zuzendariek, berriz, bi institutuen artean argitaratzen duten Irakutrezin gazteen aldizkaria argitaratzeko hitzarmena sinatu zuten.
Hitzarmen horrek 4.426,40 eurotako diru-laguntza jasotzen du eta ekaina bitarteko iraupena du. Izan ere, udal agintariek aurreratu zuten modura, datorren ikasturtetik aurrera Euskarako Batzordeak bai Ttakunekin eta bai irakaskuntzako zentroekin sinatuko dituen hitzarmenak ikasturteko iraupena izango dute, urte naturalekoa izan beharrean, honela erakunde horien lana erraztu asmoz.•