Udalak hitzarmenak sinatu ditu Ttakun Kultur Elkartearekin eta bi institutuekin

Txintxarri 2008ko urtarrilaren 25a

Asteartean, urtarrilak 22, Ana Urchueguía alkateak, Euskarako Batzordeko lehendakaria den Ricardo Ortegak lagunduta, bi hitzamen sinatu zituen. Lehendabizikoa, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Mari Jose Eizmendi andrearekin sinatu zuen eta 2008. urterako hitzartutako egitasmoetarako diru-laguntza jaso zen aipatutako hitzarmenean.

Hitzartutako programak hamairu izan ziren eta hiru multzotan daude banatuta. Alde batetik, multzo nagusia haurren eta gazteen aisialdia euskalduntzera zuzendutako programak biltzen ditu (udako txokoak, gazteentzako kanpaldiak, Amaraun ludoteka, Kuadrillategi programa eta abar), bestetik, Txintxarri aldizkaria laguntzen du diruz, eta azkenik, Solaskide-solasbide programa, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskara ikasten ari direnekin edo hitz egiteko harreman-sareak nahi dituztekin harremanetan jartzen dituen programa dago diruz lagundutakoen artean.

Lasarte-Usurbil institutuko Esther Urrutia eta Landaberri institutuko Abene Arriola zuzendariek, berriz, bi institutuen artean argitaratzen duten Irakutrezin gazteen aldizkaria argitaratzeko hitzarmena sinatu zuten.