"In-formatzen", ikaskuntzarako informazioa eta aholkularitza zerbitzua

marikarmen-ormazabal 2008ko urtarrilaren 25a

Usurbilgo Lanbide eskolan dago zerbitzu berri honen egoitza. Bertaratzen denak bitartekotza zerbitzu bat aurkituko du bertan, hau da, bizitzan zeharreko ikaskuntzarako egitasmora hurbiltzen denak informazioa, orientazioa eta aholkularitza zerbitzua emango dion bitarteko bat aurkituko du. Eskualdean prestakuntza bilatu nahi duen edo/eta maila profesionala hobetzeko asmoa duen edozeinen eskura egongo delarik. Bertan interesa agertzen duen pertsona guztiei harrera egingo zaielarik bai telefonoz, on-line eta pertsonalki.
Harrera honetan dago Saioa Larruskain, eta berak esan digunez, "pertsona bakoitzari bere ibilbiderako edo ekintzarako beharrezko duen informazioa bere esku jarriko zaio. Berak duen edozein zalantzari argibideak emateko identifikazio datuak jasoko dira eta berak nahi izanez gero, elkarrizketa data bat jarriko zaio bitartekariarekin informazio gehiago emateko".
Eskualdeko bizilagun guztiek erreferentziako pertsona bat izatea dute helburu harrera honekin; pertsona batek nahiz eta ekintza desberdinak gauzatu, beti izango du aukera harremanetan jarraitzeko erreferente bakar batekin.

Nortzuk dira In-formatzen
Eskualdeko ikaskuntzaren erreferente bat izan nahi dute Buruntzaldean (Astigarraga, Hernani, Urnieta, Usurbil, Andoain eta Lasarte- Oria). Eskualdeko prestakuntza baliabideen gune neutro bat eskainiz, bitarteko lanak burutu nahi dituzte; alegia, prestakuntza eskaintza guztia bilduko duen gunea izan eta beraz, gune bakar batean eskaintzen den prestakuntza guztia edonoren eskuetara iristea ahalbideratu.

Eskaintza pertsonalizatua
Bestalde, pertsonaren ikuspegitik prestakuntza arautuan sartzeko erraztasunak eman nahi dituzte, ondorioz pertsona horiek lan merkatuan sartzeko aukerak zabaldu, batez ere aukera gutxituak dituzten kolektiboei: emakumeak, langabetuak, etorkinak… e.a. "Izan ere, ikaskuntzak pertsonen gizarteratzea, aukera berdintasuna, aniztasuna eta bizi kalitatearen hobekuntza errazten du. Eta gainera, gure gizartearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko zutabe garrantzitsua bilakatu da", zehaztu nahi du Saioak.
Etorkizunean, zerbitzua zabaltzea espero dute, herritarren eta abarren laguntzari esker Buruntzaldeaz gain Gipuzkoako beste bailara batzuekin elkarlanean, lankidetza talde bat osatu eta era berean bitartekari taldea osatu. Bertan, Gipuzkoa osoko formakuntza arautua eta ez arautuaren inguruko ekintza guztiak agertuko lirateke, beti ere Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzaren filosofiaren inguruan lan eginez eta gure gizartearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko zutabe garrantzitsu bilakatuz.

Web orria, euskarririk garrantzitsuena
www.in-formatzen.com web orriari esker, garapen pertsonalari begira nahiz lan munduratzeari begira, eskualde eta herrialde mailan eskaintzen den prestakuntza aukera osoaren informazioa aurkitu daiteke. Web orria da beraz, euskarri oso garrantzitsua proiektuan. Batetik, intranet bat da eskualdeko elkarteen , entitateen edota prestakuntza zentroen profesionalekin loturiko berrien, ekitaldien edota ikastaroen gune izan daitekeelako. Bestetik, informazio ugari izan daiteke eskura. Eta azkenik, balio erantsiko beste zerbitzu batzuk aurkitu daitezke: etengabeko prestakuntza, dokumentazioa, prestakuntzari buruzko Bloga,...
Web orrian honako atalak daude: informazio orokorra; eskualdeko prestakuntza ikastaroaren zerrenda; eskualdeko Pretakuntza Zentruen, Elkarteen edota Entitateen helbideak, deskribapenak eta kontakturako pertsonen beste zenbait intereseko datuekin batera; prestakuntzarekin loturiko dokumentazioa eta azken albisteak; prestakuntzari buruzko blog-a; bilatzaile aurreratua eta iradokizunetarako postontzia. Honetaz gain, lanean ari dira eskualdeko agenda, SMS bidez informazio guztia mugikorrean jaso eta sindikazioaren aukera izateko.•