Joxerra Garzia:«Zer kristo, demontre, arraio egin behar dugu euskararekin»

rufino-iraola 2008ko urtarrilaren 25a

Joxerra Garzia Ordizian zen herenegun, euskararen egoeraren gainean hitzaldia ematen. Ea testuingururik galdu gabe egiten dudan hark esandakoaren laburpen txiki bat.
Hasteko, miresmena erakutsi zuen aurreko belaunaldientzat, euskarari inolako lege eta basik gabe eutsi ziotelako. Ondoren, esan zuen garbi ikusi dela legeak beharrezkoak direla, nahiz eta hori bakarrik ez den nahikoa.
Ezagutza eta erabileraren arteko zuloa handitzen ari da, eta hortu berdindu ezean lanak izango dira buru ematen. Bestetik, kultura politiko berri bat beharrezkoa da, euskararen alde bat eginda jokatzeko eta estrategia egokiak aurkitzeko. Ordea, euskarekin zer egin nahi den jakin behar da lehenik, zertarako nahi dugun alegia, eta gero estrategia egokiak diseinatu; nolanahi ere nazio identitatearekin lotuta egon behar du.
Jarraitu zuen esanez, gure beharretara ongien moldatzen den euskara dela egokiena. Esate baterako maitasunean, lagunartean eta norbera izaten hobeto sentitzeko balio behar dio gazte bati.
Hiru alor jo zituen funtsezkoak euskarari eusteko: etxea eta kalea, hezkuntza eta hedabideak. Etxea eta kaleak, ordea, bere ustez, kale egiten dute, eta beste biak bakarrik geratzen zaizkigu. Eta horietan euskararen irakaskuntza goitik behera dago irauli beharra. Zuzentasuna eta jatortasuna beharrezkoa dira, baina egokitasuna da funtsezkoena.