Lasarte-Oriako judoken arrakasta hainbat lehiaketetan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urtarrilaren 25a

Larunbatean, Donostia egun bezperan, Tolosan ospatu zen Gipuzkoako txapelketa 23 urte beherakoen mailan LOKEk ordezkaritza izan zuen, Beñat Elizalde eta Joseba Izagirre.
Biak 73 kiloko mailan lehiatu ziren eta Beñat atera zen garaile. Erraz eskuratu zuen urrezko domina gainera, hiru borroka lasai irabazi ostean. Josebak, berriz, ez zuen zortea lagun izan eta brontzea eskutik alde egin zion, azkeneko borroka galtzean.

Espainiako txapelketak
Aurreko asteburuan ere txapelketa ugari jokatu zen, Iparraldeko sektoreko txapelketa eta Euskadiko rankina kadete mailan.
LOKEko judokei dagokienez, urtarrilaren 13an Euskadiko ranking kadetean Amaia Curiel, Leire Zubizarreta eta Asier Sagastik parte hartu zuten. Eta bai Amaiak, baita Leirek ere otsailaren 9an Madrilen jokatuko den Espainiako rankinerako txartela eskuratu dute.
Bestalde, Mikel Ponga eta Andoni Aizpuru lasarteoriatarrek ere senior mailako Espainiako txapelketarako txartela eskuratu dute. Izan ere, biak egun berean Iruñako Mendillorri trinketean antolatu zen Iparraldeko sektore txapelketan lehiatu baitziren.
Mikel Pongak 100 kilo baino gehiagoko mailan garaipena eskuratu zuen eta Andonik, berriz, zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen borroka izugarriaren ostean.
Usurbil Judo taldeko bi kideek Estatuko txapelketatik domina ekartzea espero dute.

Sambo txapeldunak
Honetaz gain, Gorka Aristegi LOKEko entrenatzaileak jakin arazi digunez, abenduan Anoetan lehiatu zen Euskadiko sambo txapelketan Lasarte-Oriako hamar judokek parte hartu zuten emaitza paregabeak eskuratuaz, zortzi urrezko domina eta zilarrezko bi.
Honela, Beñat Aranburu, Eneko Aranburu, Asier Sagasti, Arrate Oiartzun, Amaia Curiel, Leire Zubizarreta eta Julen Sasiainek bere mailako lehenengo postua eskuratu zuten, Joseba Izagirre eta Yeray Garciak bestalde bigarrena.
Ondorioz, guztiek lortu zuten Espainiako txapelketarako txartela.•