Ostarte Zumaburuko Arantzazuko Amaren Parrokiko gazte taldea, hirugarren munduko zein herri mailako proiektuak antolatzen dituen gazte jendea dugu eta bolondresi esker jarraitzen du martxan. Egun, arazoak dituzte, Kumme proiektuan bereiziki. Horregatik, honi buruz gehiago jakiteko, Ainara Elizetxea Ostarteko kidearekin bildu gara.
Bolondres falta
Kumme eskola laguntza proiektua da. 1998an sortu zen eta geroztik haur askori ikastolako etxeko lanak egiten lagundu zaie ekimen honi esker.
Doaneko zerbitzua hau klase partikularren antzekoa da eta Ainarak azaldu digunez, “ikastolak eta Gizarte zerbitzuetako laguntzaileek bidalitako haurrak dira, laguntzaren bat behar dutenak”.
Egun 20 bat haur biltzen dira astearte eta ostiralero 18:00etatik 19:00etara. Tamalez, talde txikia da haur hauen hezkuntzaz arduratzen dena.
“Gaur hiru heldu gaude haurrei laguntzen, baina batzuetan pertsona bakarra egon ohi da eta egoera hau ez da ez haur, ezta bolondresarentzat ere komenigarria”, esan digu Ainarak.
Honetaz gain, Ainarak zera azpimarratu du, “euskara dakien jendea izatea eskertuko litzateke. Izan ere, haur atzerritarrek azkar hizkuntza maila ona hartzen baitute ikastolan eta etxean inork jakiten ez duenez guri dagokigu etxeko lanekin laguntzea.”
Baina Ostarteko kideak azaldu digunez, hau ez da jendea behar duen talde bakarra. Izan ere, Makulu hirugarren munduari bideratutako laguntza taldeak ere laguntzaileak behar baititu.
Taldeak hilabeteko lehenengo larunbatean bidezko merkataritzako postua ezartzen du Okendo plazan, festak egon ezean behintzat, eta hirugarren munduko hainbat produktu izaten ditu salgai, kafea, tea edo txokolatea, esate baterako.
Haur eta gazteen aisia
Bestalde, haur eta gazteen aisiak ere garrantzia handia du taldearentzat. Horregatik duela bi urte Txingurriak proiektua jarri zuten martxan.
8 urtetik 12ra arteko haurrak larunbatetan hamabost egunero bildu eta txangoak, tailerrak, etab. egiten dituzte. Iaz 10 bat haur parte hartu zuten, bai katekesi taldeko, baita eskola laguntzakoak ere. “Zaila da larunbata goizetan jendea biltzea, batzuk futbola dute, besteek saskibaloia...”, aitortu digu Elizetxeak.
Aurten oraindik ez dira hasi, baina Ainarak aurreratu digunez, otsailaren 2an izango da lehenengo bilera 11:00etan Zumaburuko eliza azpiko lokaletan.
Horregatik adin horietako haurrak animatu nahiko lituzke, baita gazteei hauen begirale izatera ere.
Honetaz gain, otsailaren 23an gazteentzako ekimena antolatu nahi dute, gauean 23:00etatik 01:00era futbol partidak jokatzea.
Lekua zehazteko dago, baina Ainarak aurreratu digunez, ekintza honetan 14 urtetik gorako gazteek parte hartu ahalko dute eta “partiden ostean txokolatada egongo da”.
Eta zera atxiki digu, “haiek eskatutako gauza da, bere adineko gazteentzat ezer ez zegoela esan eta hau otu zitzaigun. Ongi badoa, hilero ekintzaren bat antolatuko dugu”.
Harremanetan jarri
Honela, Ostarten parte hartu edo taldeari buruzko informazioa nahi duen gazterik balego hiru bide ditu harremanetan jartzeko, Zumaburuko elizak Gizarte etxea tabernaren ondoan duen lokalera hurbildu astearte eta ostiraletan 18:00etatik 19:00etara, 608 407 912 telefonora deitu edo email bidez eskatu, ostartegaztea@hotmail.com.•