Goiegi aldean 235 etxebizitza berri eraikiko dituzte

Txintxarri 2008ko urt. 25a, 01:00

Hirigintza batzordeak ez ohiko bilkuran herria eraldatuko duten gaiaz aritu zen: Goiegi aldeko eta Kotxeras eremuko etxebizitza berrien eraikuntzak, Okendo plaza eta udaletxe berriko lanak.


Hirigintza batzordeak ohiz kanpoko bilkura egin zuen joan den asteartean, urtarrilaren 15ean, eta hiru gai nagusi landu zituzten horretan. Batetik, Goiegi aldeko urbanizazio proiektua behin betiko onartu zuten. Bestetik, behin-behineko onarpena eman zitzaion Kotxeras eremurako Arau Subsidiarioen aldaketa puntual bati. Ondorioz, aurreikusita zeuden etxebizitza kopurua handitu egingo da. Azkenik, udaletxe berriaren eta Okendo plazaren azpian egingo den aparkalekuaren oinarrizko proiektua aurkeztu zitzaiela korporazioko kideei, helarazi dute udaletxetik.
Goiegi aldeko proiektuari bost alegazio aurkeztu dizkiote eta horietako lau partzialki onartu dituzte. Horietan ur zikinentzako lotura bati eta oinezkoen segurtasuna gehitzeko zenbait neurriri erreferentzia egiten zaie.
Batzordean onartu ez dituzten alegazioak aurreikusita dagoen frontoiari erreferentzia egiten diotenak izan dira. "Frontoia ez da Vaguada-Goiegi urbanizazio proiektuko konpetentzia, baizik eta Zabaleta Berriko proiektuan landuko den gaia", hori izan da alegazio horiek ez onartzeko arrazoia. Alegazioak ikusita, batzordeak behin betiko onartu zuen urbanizazio proiektua. Eremuak 235 etxebizitza izango ditu guztira: 151 babes ofizialekoak izango dira, 14 salmenta librekoak, 56 etxebizitza familiabakarrekoak eta 14 isolatuta.

Kotxerasen etxebizitzak
Kotxeras eremurako garapenerako proposamena aurkeztu zutenean, ohartarazi ziren Kotxeraseko eremuan, Arau Subsidiarioetako fitxan zehazten zen eremuan, 84.400 metro karratuetan, etxebizitza kopurua %20 gehitzea ez zela posible. “Ahalik eta etxebizitza gehien egiteko asmoz eraman da aurrera Arau Subsidiarioen aldaketa puntual hau. Horrela, etxebizitzen kopuruak gora egiten du eta babes ofizialekoak irabazten dira”. Guztira 1008 etxebizitza berri eraiki nahi dituzte.
Udaletxetik jakin arazi dutenez, “aldaketa puntual horrek osoko bilkuratik pasa beharko du eta Eusko Jaurlaritzara bidali ondoren, behin-betiko onartuko da”.

Udaletxe berria
Azkenik, korporazioko kideei udaletxearen eta Okendo plazan egingo den lurrazpiko aparkalekuko oinarrizko proiektuak aurkeztu zizkieten. Udaletik helarazi dutenez, udaletxearen oraingo eraikuntzan alderdi instituzionala eta politikoa mantenduko litzateke (pleno aretoa, artxiboa, munizipalak, alderdi politikoak…). Eraikin berriak, berriz, oraingoaren bikoitza izango da eta "herritarrenganako harrera zerbitzu berri bat martxan jartzeko aprobetxatuko" dute.•