Denbora oso azkar pasatzen dela jakina da, egunerokotasunak sortzen duen estres horretan murgildurik, konturatu gabe doaz orduak, egunak, hilabeteak, urteak... Urteurrenetan konturatzen gara horretaz; gurasoek bezala hitz egiten hasten garenean "... orain dela 15 urte izan zen hori, ni gogoratzen naiz...". Ene! orain hamabost urteko gauzetaz gogoratzen banaiz, jadanik hain gaztea ez naizela esan nahiko du!
Ba bai, gezurra badirudi ere pasa dira hamar urte pala eta pikatxoiarekin kafe-antzokiaren lurrean zuloa egiten, altura gehiago emateko lokalari. Kafe-antzokia diot, oraindik izenik ere ez zuelako. Aukeratzen ere ez zen erreza, hain ziren luzeak proposamenen zerrendak (astakeri batzuk tarteko). Azkenean behintzat, Jalgi izena gailendu zen, ahoskatzerakoan hainbesteri buruhausteak sortu dizkien izena.
Hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira urtarrilean Jalgin: erakusketa, antzerkia, kontzertua, mahai ingurua... Azken hau egun seinalatuenean egin antolatu zen, 10 urte betetzen zituen egunean, urtarrilaren 24an. Beraz, aproposena Jalgiren errepaso txiki bat egitea zen
Aitor Atxega hasi zen, Jalgiko sortzeko lehen urratsak eman zituena Iñaki Urruzolarekin, "Urru"rekin batera. Jarraian Euskara Elkarteeen Topagunetik etorri zen Manuel Morenoren txanda izan zen. Bera da kulturako dinamizatzailea Topagunean, beraz, beste herrien errealitatea eta beharrei buruz aritu zen. Eta hiruretan gazteena izan zen azkena hitza hartzen, Jokin Telleria. Gaur egun bera da Jalgiko programatzailea Xpressionk! Kultur Taldeko sortzailea izateaz gain.
Errepaso ederra eman zioten denen artean, eta bakoitzak bere ikuspuntutik kulturari, euskal kulturari... Euskal kultura marjinala den, marjinatu egin duten, alternatiboa den, alternatiba bat den... iritzi ezberdinak jarri ziren mahai gainean, nahiko lan izan zuen momentu batzutan Aitor Uriartek, moderatzaileak, galderak bideratzen eta txandak ematen, baina denak ados zeuden gauza batean: kafe-antzokiak euskal kulturarentzat ekarpen itzela direla, kultura zabaldu, kaleratu, plazaratu egiten dute.
Maiz entzun zen hitzaldian zehar plaza hitza. Kultura herritarrek egiten dutela eta egin behar dutela, horrelako espazioak herriko plaza bihurtu behar direla aipatu zuten hirurek ere.
Eta nola ez, euskara elkarteek sustatutako kafe-antzokietako (gehienetan horrela baita) hizkuntzaren irizpideei buruz ere ihardun ziren. Eztabaida neurri batean mahai gainean geratu zela ere esan dezakegu, izan ere harremanak, publizitatea... guzti hori euskaraz egiten da, zalantzarik gabe, baina kultura, espresio bezala, ez duela hizkuntzarik ere esan baitzen.
Eta zerbait gehiago taldea
Izen horrekin aurkeztu ziren Gregoreta (Bea Egizabal) eta Feldespato (Cesar Marcos) hitzaldiaren ondoren. Beraien lana ez zen makala ez, solasaldiaren klownklusioak atera behar zituzten. "Hara zer eman duen guk Aurrezki Kutxa Probintzialean sartutako 4.000 pezetak, kafe-antzoki bat!" zioten Jalgira sartu orduko. Nahiko barre algarak sortu zituzten ikusleen artean. Bukaeran beraiei ere ez zitzaien oso garbi geratu alternatiboak edo marjinalak ziren, baina behintzat orain hamar urte sortutako ilusioa bete zuten. Jalgin beraien emanaldia eskaini nahi zuten eta baita lortu ere!
Amaitzeko, Manuelek esan zuen, "etorkizun beltza iragartzen diet gogo, borondate eta ilusiorik gabeko proiektuei". Jalgi bere garaian, gogoa askorekin eta ilusio ikaragarriarekin egin zen; oraindik ere ilusioz eta gogoz egiten dugu lan bertan, beraz beste hamar urte beteko ditugulakoan gaude.•