Txintxarri aldizkariaren 2008-01-21 egunari dagokion zenbakian, oparotasun handiz iragartzen da EHNA deritzon agiria Udaletxean tramitatuko dela. Artikuluaren formarekin eta edukiarekin, irakurlea nahastu nahi da. Artikulua taxutua dagoen moduan, eta nik uste apropos, eman asmo den itxura da EHNAren tramitazioa Udalaren egoitzetan egingo dela eta ekimen hori Udaleko gobernu-organoen egintza bat dela. Ordea, azken paragrafora iristean, orduan ohartzen da Udaletxeari atxikitako lokalen banaketa ezagutzen duena ezen xede horretarako erabiliko den lokala EAE-ANV udal-taldeak Kontzeju-etxeari erantsitako eraikinean daukan Udalaren lokala dela. Eta datu hori ez da artikuluan azaltzen, seguruenik norbaitek interes handia zeukalako hala ager ez zedin, bestela gerta baitzitekeen artikulu guztiak osatzen duen gezur handia agerian geratzea: ez dira Udaleko gobernu-organoak EHNAren tramitazioa bultzatzen dutenak, EAE-ANVko zinegotziak baizik.
Udal-talde horretako kide diren zinegotziek dakitenez eta honako idatzi honen bidez gogorarazten zaienez, aipatutako lokala Talde horri helburu eta xede bakar batekin esleitu zitzaion: taldea osatzen zuten zinegotziek beren zinegotzi karguari berez dagozkion jarduerak garatu ahal izatea, interes eta arlo munizipalaren esparruan eta mugapean.
Egungo legediak taldeei Udalaren egoitzan lokal bat eduki ahal izateko ematen dien eskubidea (betiere exijituriko baldintzak betetzen badira), inolaz ere ezin da ulertu Talde Politikoak eskubidea duenik bere esku jartzen zaion lokala taldeko kide ez diren beste pertsona batzuek erabili ahal izateko, ezen-eta dominio publikoko ondasun bat dugu, zerbitzu publiko bati atxikia (Udalaren eta haren bulegoen egoitza gisa balio izateari), eta haren erabilera ezin da baimendu erakunde munizipalarekin zerikusirik ez duten pertsonek eta xedeetarako erabiltzeko. Baina, gainera, ez dio ematen Taldeari eskubiderik lokal hori zesioaren xede direnez bestelako helburuetarako erabiltzeko ere.
EHNAren kasuan, entitate pribatu batek sorturiko eta kudeaturiko dokumentu bat da, agiri ofizial gisa aitorpenik ez duena. Horregatik, ezin onartuzkoa da lokala dokumentu hori tramitatzeko uztea eta/edo erabiltzea.
Are gehiago, guztiz deitoragarria iruditzen zait, egungo Udaletxearen eraikuntzazko zirkunstantziengatik, zenbait udal-talderi lokalik adskribitu ezin izatea, nahiz berek eduki nahi, halakorik ez dagoelako, eta bitartean, lokal hori baduen beste talde batek Udaleko lanez kanpoko beste jarduera batzuetarako destinatzea. Horregatik guztiagatik, honako idatzi honen bitartez, errekeritzen zaitut beharrezko neurriak jar ditzazula, zure Taldeak baliatzeko utzi zaizun lokala EHNA tramitatzeko erabil ez dadin.
Lasarte-Orian, 2008ko urtarrilaren 22an,
Alkateak,
stua.: Ana Urchueguía Asensio