Lasarte-Oriako musika eskolak lankidetza hitzarmena sinatu zuen urtarrilaren 23an diziplina bera irakasten duten Errenteria, Andoain, Lezo eta Donostiako zentroekin.
Eskoletako arduradunek eta Udalek helburuetan bat datozela irizten dute hezkuntza artistikoari dagokionez (musika eta dantza). Hori dela eta, lankidetza marko batean hasi dira lanean zeinaren bidez ekintzak egingo dituzten elkarrekin bat datozen helburu horiek lortzeko.
Eusko Jaurlaritzako erregistroan zeuden Donostialdeako musika eskolen arteko bilerak egiten hasi ziren eta hasieran 16 izan ziren deituak. Baina horietako bostek sinatu dute orain hitzarmena. Bilera horietan, besteak beste, espezialitate ezberdinetako irakasleen lan poltsa komun bat osatzeko beharra eta aukera antzeman zuten.
Faseak
Ekimen honen lehen fasea hitzarmenaren sinadurarekin hasi da eta oinarrien erredakzioarekin jarraituko du. Bigarren fasea, lan poltsaren osaketari dagokio. Azkenik, hirugarren pausoa, ordezkapenen gestioan oinarrituko da. Honetarako, sekretaritza bakar bat sortuko da eta eskola ezberdinetako hautagaien baliabideak presente izango dituzte.
Hau guztirako, Lasarte-Oria, Errenteria, Andoain, Lezo eta Donostiako Udalek batzorde tekniko baten sorrera adostu dute. Bere funtzioa hitzarmenean zehazten den prozesu guztiaren gestioa izango da eta bere egitekoak, besteak beste, lan poltsak gestionatzeko azterketak eta informeak egitea; poltsa horiek ebaluatzeko batzordean parte hartzea edo jarraitutako prozesua jasotzen duen memoria egitea eta arazo eta irtenbideak jasotzea izango dira.
Kontzertu bufoa
Ostegun gizenean, Inauterietako giroarekin batera iritsiko da kontzertua kulturetxera. Musika Eskolako haurrek Kontzertu Bufoa eskainiko baitute 19:00etan areto nagusian.•