Nerea Eizagirre
Nola sortu zen Underneed?
Dani, gitarrista, eta biok Donostiako Pop rock lehiaketara aurkeztu ginen, gaztelerako proiektu batekin. Sailkatuak izan ginen eta taldea behar genuen parte hartzeko. Txuster teklistak bere bi ezagunekin batu gintuen, baxu jolea Unai Patxus eta Fer bateria jolearekin, bi lasarteoriatarrak. Proiektu horrekin ez ginen finalera iritsi, baina Underneed proiektua eta taldea eratua zegoen. Orduan, proiektua nahi genuen bezala egitea erabaki genuen eta horretarako hizkuntzaz aldatu behar zen.
Zergatik ingelesera aldaketa hori?
Kultura musikala da. Izan ere, hasieran abestiak nireak ziren eta nik ingelesez entzuten dut musika gehien. Gertuago dudan musika da eta hizkuntza pila gustuko dut. Gainera, abesteko bokal eta hitz motz asko dauzkan hizkuntza da. Bestalde, nire ahotsak ingelesez soinu politagoa du.
Zein estilok du eragin zuen abestietan?
Eragin asko ditugu. 70 eta 80 hamarkadako musika taldeen influentziak dira, batez ere, U2tik The Cars edo Pretendersera.
Abantaila handia da taldeko bakoitzak bere gustuak izatea. Esate baterako, Unai Patxusek jazz eta funky taldeak gogoko ditu, Fer bateriari U2 eta 80 hamarkadako talde rockeroak gustatzen zaizkio, niri 70 hamarkadako taldeak, Janis Joplin edo The Beatles.
Ondorioz, abestiak bata bestearekiko oso desberdinak dira. Baina badago ildo bat. Ezaugarri batzuk daude, ahotsa, moldaketa musikala edo gitarra soinuak, Underneed dela esaten dizuena.
Nola sortzen dituzue abestiak?
Musika nik egiten dut, beno bigarren lan honetan Danik ere. Gero nahiz eta estruktura batzuk eduki, bakoitzak bere ataltxoa egin eta bere estiloa ezartzen dio. Honela taldeak estilo propioa izatea lortzen da. Patxusek bere baxu lineak egiten ditu, Ferrek bere gustuko erritmoak eta azkenean denok batera sortzen dugu.
Oso dibertigarria da. Nik abestia daramat baina beti aldatzen dute zerbait eta hori da nahi dudana, bueltatxoa eman eta beraiek bere gauzak sartzea.
2005 urteko Donostiako Pop Rock lehiaketa irabazteak zer suposatu zuen?
Asko suposatu zuen. Ez lehiaketa bera irabaztea, baizik eta lehenengo urtean finalera sailkatu ez izan eta zerotik proiektua egiten hasteak suposatu zuena. Errealizatu sentsazioa eta itxaropena ematen dizu, bide onetik zoazenaren seinale baita.
Gainera, ez genuen espero. Urte betean proiektu aldaketa eta lehiaketa lortzea, bultzada handia izan zen.
Eta nolako harrera izan zenuten?
Zorte handia izan genuen, komunikabideei taldea gustatu baitzitzaien. Ondorioz, pila lagundu gintuzten, kontzertuei buruz hitz egiten, elkarrizketak, etab. Donostia inguruan asko nabaritu zen, taldea ezezaguna izatetik izena entzuna izatera pasa zen. Tabernetan eta lokaletan jotzeko ere ateak ireki zizkigun.
Bestalde, jendeak ere harrera ona eman zigun. Diskoaren aurkezpena abenduan egin genuen Ilunben eta bertan 40 bat saldu ziren eta kamiseta pila. Aretoa bete zen, nahiz eta data txarra izan, abenduaren 23a. Bertara hainbeste jende joatea, pasada bat izan zen.
Gainera, Pop Rock lehiaketa irabazi osteko prentsaurrekoa Fnacen egin genuen eta akustikoki bi abesti jo behar izan genituen. Han zegoen jendeak gure maketa beste lehiaketa batera aurkezteko proposatu ziguten, Fnacek antolatzen duenera, autoekoiztua dena. Irabazi genuen eta sari gisa, Fnacen CDa bi hilabetetan egon zen salgai eta CD erosketetan lehenengo izatera iritsi zen. Beraz, harrera oso ona izan zen. Pixkanaka goaz, gauza garrantzitsuak lortu ditugu, baina oraindik talde lokala gara ere.
Bigarren grabaketa egin duzue, ba al dago aldaketarik?
Lehen sei ginen, orain bost eta nik gitarraren zatiak ikasi behar izan ditut, baita honekin batera abestea ere. Ondorioz, taldearen soinua aldatu da. Lehengo gitarristak jotzeko era agresiboagoa zuen eta hutsuneak gitarrarekin ederki betetzen zituen, baina zuzenean ahotsa gutxiago entzuten zen. Orain gitarra erritmo normalagoak edo errazagoak jotzen ditut eta ahotsa gehiago entzuten da.
Bestalde, esan bezala, lehen abestiak nireak ziren eta taldeak moldatzen zituen. Orain Danik eta biok musika eta melodia egin dugu, erdia eta erdia. Hala ere, taldeak bere izaera inprimatzen du, guztiek jarri dugu zerbait.
Eta orain zertan zabiltzate?
Ekoizle bila gabiltza, abesti berriak grabatu ditugu eta formato berrian atera nahi ditugu, 512 Mb pen drive batean. Era honetara jendeak 5 abesti berriez gain, argazkiak eta bideoklipa ikusi ahalko ditu.
Baina manager bila ere bagabiltza. Euskal Herritik kanpo jotzea gustatuko litzaiguke. Gipuzkoan pila jotzen dugu, Donostian batez ere. Hala ere, hizkuntza oztopo izan daiteke, hemen eta Espainiar Estatuan. Atzerrian jotzea errazagoa izan liteke, ingelesez abesten dugunez.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Gauza gaizki dago baina pribilegiatuak gara, izan ere, kontzertuak lortzen baititugu.
Hala ere, orain arte lokalean sartuta egon gara. Ni prestatu eta abesti berriak egiten. Itzalpean, urte bete lanean egon gara. Ateratzeko garaia da eta aurten zerbait lortzeko proposamena egin dugu.
Honela, lehiaketetan parte hartzen jarraituko dugu. Orain Jack Daniels antolatutakora sailkatu gara, baina ez dugu uste irabaziko dugunik. Hauen bidez, ezagutzera eman dezakezu taldea, sariak jende pilaren aurrean jotzea baita.
Honetaz gain, garaia da diskoetxeei gure lana bidaltzekoa. Gainera, pen drivearen ideia modernoa eta desberdina da. Ea kasu egiten diguten.
Badakigu zaila dela, konpetentzia handia dago eta garai txarra da. Izan ere, diskoetxeek ez dute kulturalki apusturik egiten, estilo baten kopia egiten dute. Ez dira arriskatzen. Izan ere, arrisku minimorekin etekin handiena ateratzea da helburua eta, ondorioz, ez dago aniztasun kulturalik. Eta pena da ze P Gipuzkoan, beno Euskal Herrian eta Bartzelona edo Galizian, esate baterako, talde onak daude. Gauza aldatzen ez bada zaila ikusten dugu.
Hala ere, guk gustatzen zaigulako jotzen dugu, hobbia da eta pixkanaka goaz. Baina argi dugu ez garela honetaz biziko.•