Larunbat goizerako zuten hitz-ordua 8 eta 10 urte bitarteko herriko haurrek kiroldegian. Gustura jaiki ziren ohetik, gosaldu eta ilusioarekin saskibaloian lagunekin aritzera kiroldegira 10:00etarako. Izan ere, herriko gaztetxoen artean saskibaloi sustatu asmoz, Landaberri ikastolako eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako ikasleek benjaminen saskibaloi topaketak egin zituzten larunbat goizean Udal Kiroldegia, Eskola-kirola egitasmoaren barnean.
Gogoratu Eskola-kirola egitasmoa haurren artean kirola sustatzeko sortutako egitasmoa dela, zeharka beste hainbat helburu ere lantzen badira ere; hizkuntza, talde-lanaren garrantzia, ongi pasatzea kirola eginez... Benjamin mailakoek, kirola astean bitan egiten dute: taldeka eta bakarka. Taldekoari dagokionez, otsailera arte saskibaloian ihardungo dira eta hil honen ostean, futbolean. Banakakoan, berriz, atletismo, igeriketa, pilota, judoa, tenisa, mahai tenisa eta gimnasia egiteko aukera izan dute. Bai taldeko, baita banakako kirolak ere ordu beteko iraupena dute. Eta, guztira, 16 talde sortu dira maila honetan.
Hirurogei haur inguru bildu ziren guztira larunbatean kiroldegian eta ariketa ezberdinak egiten jarri zituzten segituan begirale eta entrenatzaileek. Saskibaloiko kantxa hiru zatitan banatu zuten hasteko, batzuk partidak jokatzen zituzten bitartean besteak jolasak egiten zituzten.
Partidak motzak eta biziak antolatu zituzten. Haurrekin hiru kideko hiru talde egiten zituzten, eta horietako bi hasten ziren jokoan. Baloia saskiratzea lortzen zuen taldea geratu egiten zen eta beste kanporatzen zen, zain zegoena sartuz. Eta bukatzeko kinielara jokatzen jarri zituzten. Joko honetan hiru taldeak batera arituko ziren eta talde bakoitza baloi batekin. Talde bakoitzeko ordezkari bana batera saiatu behar ziren baloia saskiratzen. Lehenbailehen egin behar zuten, izan ere lortzerakoan taldekideari erreleboa eman behar zioten, denek baloia saskiratzea lortu arte.•